Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko bi puntu estreinatu ditu Ermuak

26.10.21
Kirolak

Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun iraunkorreko eredua sustatzeko instalatu ditu ‘BiziPuntu’ hauek

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Sailak bizikletak konpontzeko eta mantentzeko bi geltoki jarri ditu Ermuan. Bizkaiko lurralde osoan kokatzen ari diren 63 instalazioek osatzen dute ‘BiziPuntu’ sarea; horietatik 10 Durangaldean daude.

Altzairu herdoilgaitzezko zutabeak dira, 20x20 zentimetrokoak eta 1,40 metroko garaierakoak. Estazio bakoitzak 8 erremintako sorta du, bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, giltza horiak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatu eta muntatzeko tresnekin, altzairuzko kable erretraktil batekin zutabeari banaka lotuta. Gainera, pneumatikoak puzteko sistema bat dute, biraketaren bidez eragiten duena eta manometro batekin osatzen dena, eta besoak, bizikleta finkatzeko eta makinaren gaineko eragiketa ohikoenak errazteko. Ur-hargune bat ere badute, bizikletak garbitu ahal izateko.

Ermuak bizikletak konpontzeko bi geltoki izango ditu gaurtik aurrera: bata Mallabia errepidean, Aritzmendi frontoiaren albo batean, Izarra Txikiko aparkaleku ondoan; eta bestea Eitzaga errepidean, San Lorenzoko aparkalekuaren ondoan. Lan-eremuak pintura urdinez seinaleztatuta daude zutabeen inguruan, eta seinale bertikal angeluzuzen batek instalazio bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak adierazten ditu.

Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatua frontoiaren ondoan jarri den instalazioaren inaugurazioan izan da, Juan Carlos Abascal alkate ermuarrarekin, Jol Gisasola zinegotziarekin, Orlan Isoird Berrizko alkatearekin eta Oihane Irastortza Izurtzako zinegotziarekin. Viarrek nabarmendu duenez, ‘BiziPuntu’ sarea “funtsezko baliabidea da” Bizkaian bultzatu nahi den mugikortasun iraunkorreko eredua sustatzeko: “Bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzeak, bakarrik edo beste batzuekin konbinatuta, gako nagusia izango da”.

Bestalde, Abascalek azpimarratu du instalazio horiek sendotu egiten dutela Ermuko Ziklo Sarearen estrategia, txirrindularitzarekiko zaletasun handia duen herri batean bizi baikara. Alkateak tresna horiek zaintzeko eskatu die herritarrei, behar duten pertsona guztiek erabil ditzaten.

Erabilerako tutorialak

Zutabeek QR kode bat dute, erabiltzaileei mantentze- eta konponketa-lanetarako tutorialak kontsultatzeko aukera ematen diena.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean argitaratutako informazio guztia eskuragarri dago, halaber, instalazioan errotulatutako QR kodeetako batean.

‘BiziPuntuak’ instalatzeko eta mantentzeko egindako inbertsioa Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Sailaren kontura izango da.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke