Bullying-aren aurkako doako prestakuntza tailerrak

29.10.21
Kirolak

Azaroaren 2an, asteartea, informazio hitzaldia eskainiko da gurasoentzat

Ermuko Udaleko Kirol Alorrak eta Sonkei herriko judo elkarteak doako tailerrak antolatu dituzte 5 eta 12 urte bitarteko haurrek bullying-aren aurkako prestakuntza jaso dezaten.

Bullying ingelesezko hitz bat da, jazarpena esan nahi duena, eta hainbat modutan adieraz daiteke: hitzezkoa (irainak eta ezizenak gutxiesgarriak), soziala edo esklusiboa (isolamendua eta marjinazioa), psikologikoa (bere borondatearen aurkako ekintzak egitera behartzea), sexuala (sexu-joerari buruzko iruzkinak, baimenik gabeko ukitzeak), fisikoa (kolpeak, jipoiak, lapurretak) eta zibernetikoa (sare sozialetan erakustea).

Tailer horietan jarraitzen den lan-metodologiaren arabera, zuzenean haurrei irakasten zaie, beren mende egon behar duten helduei irakatsi beharrean, edozein eraso-tipologiaren aurrean prest egoteko jokabide positiboak garatu ditzaten. Jarraibide errazak ematen zaizkie, azkar ulertu eta bereganatuko dituztenak.

Era berean, parte-hartzaileek indarkeriazko egoera horiei aurre egiten ikasiko dute, bai eta horietatik erator daitezkeen gatazkak jolas eta jardueren bidez konpontzen ere.

Tailerrak Aritzmendi pilotalekuan egingo dira azaroa eta abendua bitartean, bi taldetan: bata 5 eta 8 urte bitarteko haurrekin, eta bestea 9-12 urte bitarteko parte-hartzaileekin. Plazak mugatuak dira eta saioak bullying, eskola-jazarpen eta haurren defentsa pertsonalari buruzko irakasle akreditatu eta tituludunek emango dituzte.

Tailerren data eta ordutegiak honakoak dira:

  • 5-8 urte:
    • Egunak: azaroan astelehenetan, 8, 15, 22 eta 29an; abenduan, astelehen eta asteartetan, 13, 14, 20 eta 21ean.
    • Ordutegia: 17:30etik 19:00etara
  • 9-12 urte:
    • Egunak: azaroan astelehenetan, 8, 15, 22 eta 29an; abenduan, astelehen eta asteartetan, 13, 14, 20 eta 21ean.
    • Ordutegia: 19:00etatik 20:30era

Parte-hartzaile guztiek kamiseta eta motxila bana jasoko dute opari gisa.

Lekua erreserbatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, Sonkei Judo Klubak interesa duten pertsonei arreta eskainiko die astearte eta ostegunetan 17:30etik 21:00etara Aritzmendi pilotalekuan. Kontsultak judosonkei@hotmail.com posta elektronikoaren bidez ere jasotzen dira.

Tailerren aurkezpena

Prestakuntza-saioekin hasi aurretik, azaroaren 2an, asteartea, informazio hitzaldia eskainiko da gaian interesa izan dezaketen eta seme-alabak tailerretara eraman nahi dituzten gurasoei zuzenduta. Hitzordua 19:00etan izango da Lobiano Kultur Guneko auditorioan, eta sarrera doakoa da.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke