Hirigintza genero ikuspuntuarekin, Ermua guztiontzako udalerri segurua izan dadin
Beldurrak eta segurtasunik ezak sor ditzaketen herriko puntu ahulak eta/edo arriskutsuak identifikatzeko inkesta zabaldu da
Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak ekimen parte-hartzaile berri bat aurkeztu du Indarkeria Matxistaren aurkako Tokiko Planaren esparruan: Ermuko Hiri Debekatuaren mapa eguneratzea, duela hamarkada bat egina. Tresna horrek hirigintza berrantolatzen eta genero-ikuspegitik birpentsatzen laguntzen du, emakumeen interesak eta beharrak kontuan hartuta.
Prozesu honen helburua Ermua pertsona guztientzako herri lagunkoi eta segurua bihurtzea da, eta horretarako, herriko bizilagunek parte hartuko dute, horiek baitira hobetu beharreko puntu gatazkatsuak hobekien ezagutzen dituztenak. Hala, inkesta digital bat jarri da abian, euskaraz zein gaztelaniaz, web orri korporatiboaren bidez, ermuarrei hirigintzaren eta segurtasunaren alderdiei buruz galdetzeko, horiek eragina baitute emakumeak eta gizonak herrian bizi diren moduan.
Herri eta hiriek diseinu neutroa dutela pentsatzeko joera dugu, baina tradizioz, gizonen premien eta produkzio-munduaren inguruan eraiki eta antolatu izan dira, emakumeen eta lanean ez diharduten kolektiboen premiak kontuan izan gabe, hala nola, haurrak eta adinekoak, edo desgaitasunen bat duten pertsonenak.
Edozein udalerritan, leku askotan, pertsona horiek ezin dira toki batetik bestera joan, arriskutsutzat jotzen dituztelako edo oztopo fisikoak edo zailtasunak dituztelako. Ez da ahaztu behar emakumeek, emakume izate hutsagatik, erasoak jasateko aukera gehiago dituztela, eta, beraz, eremu edo leku jakin batzuetan mehatxatuago sentitzen direla eta horiek saihesteko joera dutela. Gune horiek "eremu debekatu" bihurtzen dira haientzat, eta horrek berdintasunari eragiten dio, emakumeen mugikortasuna eta askatasuna mugatzen dituelako.
Herritarrek egindako ekarpenei esker, pertsonek beren askatasuna eta segurtasuna mugatuta sentitzen duten edo, beldurragatik, segurtasunik ezagatik edo irisgarritasunik ezagatik, horietara sartzea saihesten duten auzoetako eremuak eta espazioak identifikatu ahal izango dira, besteak beste.
Epea zabalik abenduaren 19ra arte
Parte-hartze prozesua abenduaren 19ra arte egongo da irekita. Inkesta esteka honetan bete daiteke. Baliabide digitalak eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonek galdetegia paperean eska dezakete Emakumearen Topagunean, Abiapuntun eta Udal liburutegian.
Proposamenak bildu ondoren, mapa bat egingo da herritarrek emandako datuetan oinarrituta, eta lan-plan bat koordinatuko da proiektu honetan parte hartzen duten Udal Hiri eta Segurtasun Arloekin. Horrela, Ermua eraldatu nahi da, eta tokiko hirigintza berdintasun-irizpideen arabera planifikatu.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan