Zatoz Negulekuetara euskaraz hitz egin eta ondo pasatzera!

17.11.21
Euskara

Abian da aurtengo Negulekuen antolaketa! Ermuko Udaleko Euskara Sailak Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailen arteko haurrei zuzendutako ekintzak prestatu ditu aurtengo Gabonetarako, eta azaroaren 18an, osteguna, irekiko du izen-emate epea.

Ekimen honen helburua umeei euskara normaltasunez erabiltzeko esparru bat gehiago eskaintzea da, denetariko ekintzak eginez ongi pasatzen duten bitartean. Negulekuak zortzi egunetan zehar egingo dira, abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitartean – jaiegunak direnez, urtarrilaren 1ean eta 2an ez da jarduerarik egingo –. Ohiko ordutegia 09:30etik 18:00etara izango da, baina lehenengo egunean eta jaiegunen bezperan (abenduaren 27an eta 31n eta urtarrilaren 5ean) goizez soilik bilduko dira partaideak 9:30etik 13:30era.

Egitaraua parte-hartzaileen kopuru zehatza jakitean zehaztuko da, eta gaztetxoentzako jarduera erakargarriek eta hainbat txangok osatuko dute, betiere indarrean dauden segurtasun- eta higiene-neurriei eutsiz.

Izen-emate epea eta modua

Izen-emateak azaroaren 18tik 25era bitartean egin ahal izango dira, biak barne, modu telematikoan Egoitza Elektronikoan (Aisialdia atalean) edo aurrez aurre Abiapuntu bulegoetan.

Negulekuetan parte hartu ahal izateko, lehenik 52,08 euroko tasak ordaindu beharko dira parte-hartzaile bakoitzeko, edo 41,66 eurokoak familia ugaria bada edo bi anai-arreba inskribatzen badira, Kutxabanken kontu korronte honetan: ES89 2095 0040 609110990751. Transferentziaren kontzeptuan, haurraren izen-abizenak adierazi beharko dira.

Ondoren, eskabidea bete beharko da, ordain-agiria erantsita, Egoitza Elektronikoan edo Abiapuntuko bulegoetan. Ez da epez kanpo aurkeztutako eskaerarik onartuko.

130 plaza eskainiko dira, eta nahikoa izango dela aurreikusten da, azken urteetako eskaintza aztertu ondoren. Bestela, zozketa egingo litzateke eta negulekuetarako tokirik lortzen ez duten pertsonei dirua itzuliko litzaieke.

Parte hartuko duten haurren kopuru zehatza ezagutu ondoren, behin betiko programa etxera bidaliko da dagozkion oharrekin.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago