Ermua, haurren eskubideekin konprometituta

19.11.21
Hezkuntza

Larunbat honetan, azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Ermuko Udalak bat egin du UNICEFekin egun seinalatu honetan, gogoraraziz oraindik gure hirietan lortu gabeko erronkak ditugula haurren eskubideak errealitate izan daitezen.

Udalak bere egin duen UNICEFen azaroaren 20ko adierazpenean zehazten den bezala, haurrek eta nerabeek hainbat erronkari egin behar diete aurre, hala nola pobrezia, krisi klimatikoa, gizarte desberdintasunak edo Covid-19aren ondorioak. Erronka horiek gaur egun duten ongizate-maila kolokan jartzen dute, baina baita bihar garatzeko eta bizirauteko dituzten aukerak ere.

Horregatik guztiagatik, Ermuak, UNICEFek 2021etik Haurren Lagun den Hiria izendatuak, honako neurri hauek bultzatzeko konpromisoa hartu du, gure herritarren zati baten eskubideetan aurrera egiteko:

  1. Gure eragin politikoaren erdigunea haur eta nerabeen eskubideak izatea, epe luzerako estrategiekin eta emaitza ukigarriak lortzeko baliabideekin.
  2. Osasun mentalean inbertitzea. Covid-19ak modu kezkagarrian areagotu ditu osasun mentaleko nahasmenduak; beraz, arazo horri arreta handiagoa ematen saiatuko gara.
  3. Teknologiaren erabilera segurua, arduratsua eta kritikoa bermatzea. Tresna digital gehiago izateak eta sareetarako sarbide handiagoa izateak aukera gehiago ematen ditu, baina, era berean, online arriskuak jasatea dakar. Horregatik, haurren gaitasun digitalak hobetuko dira eta teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatuko da.
  4. Haur eta nerabeen entzute erreal, aktibo eta etengabean aurrera egitea, beren ikuspegiarekin eta proposamenekin lagun dezaketen herritar aktiboak direla senti dezaten eta kontuan har daitezen.
  5. Krisi klimatikoa kontuan hartzea, oraingo haurrek jasango baitituzte inakzio politikoaren ondorioak etorkizunean, beste inork baino gehiago. Horregatik, konpromisoa da CO2 isurketak murriztea, klima-aldaketara egokitzeko inbertsioa handitzea eta mugikortasun aktibo eta iraunkorra bultzatzea.

Adierazpen osoa hemen irakur dezakezue.

Haurren eskubideak, gure kaleetan

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta, gaur ez ezik, egunero gogoratzeko, herriko bost ikastetxeek NBEren Konbentzioan jasotzen diren eskubideekin lotutako diseinuak sortzeko saio dinamikoetan parte hartu dute. Ikastetxe bakoitzak artista batekin batera lan egin du. Artista horrek, bere ideietan oinarrituta, marrazki original bat sortu du ikastetxe bakoitzeko. Bost diseinu horiek herriko bost nodo edo armairu elektrikotan islatuko dira egunotan: Sallabenten (ikastetxearen aurrean), Unamuno Gizarte Zentroan, Zubiaurren (VI. Mendeurrena kalearekin bat egiten duen gunean), Valdespinako Markesaren parkearen sarreran eta Aldapatik Ongarairantz igotzeko lehen arrapalaren ondoan.

Bestalde, asteburu honetan zehar, udaletxea urdinez argiztatuko da haurren eskubideak errespetatzen direla adierazteko, eta balkoietan pankartak jarriko dira data horren inguruan sentsibilizatzeko.

Era berean, Udal liburutegiko sarreran haurren oinarrizko eskubideak jasotzen dituen olana bat jarriko da ikusgai, testu eta marrazkiekin. Diseinu hori tokiko ikastetxeetan landu da, mikroipuin batzuetatik abiatuta.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
25.06.25
Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako
Imagen
17.06.25
'Ermua, Hiri Lagunkoia’ taldeak eta LHko ikasleek espazio publikoetako bizikidetzari buruzko gogoeta egin dute

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte