Bozeramaileen Batzordeak hiru erakunde adierazpen onartu ditu

24.11.21
Erakundea

Ermuko Udaleko bost talde politikoetako bozeramaileek bilera egin dute astearte honetan, azaroaren 23an, datozen egunetan egingo diren ekitaldiei buruzko hiru adierazpen instituzional aho batez onartzeko:

Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Aurtengo gai ardatza indarkeria bikarioa da, hau da, emakumeari eragiten zaion indarkeria hirugarren pertsonen bitartez – seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea –, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko eta pertsona horien hilketarekin krudelkeria-maila handiena pairatzeko. Istanbulgo Hitzarmenaren arabera, kasu hauek genero indarkeriatzat hartzen dira. Izan ere, erasotzaileengandik emakumeenganako tratu txarrak eragiteko tresna bihurtzen dira haurrak.

Testuinguru honetan, eta erakunde adierazpena onartzearekin batera, Ermuko Udalak errealitate hori ikusarazten eta behar bezala artatzen laguntzeko konpromisoa hartu du, indarkeria matxistaren biktimei eta biktima adingabeei arreta emateko eta koordinatzeko protokoloetan sartuz eta horiek eguneratuz. Halaber, indarkeria matxistaren biktima diren adingabeekin esku-hartze goiztiarra detektatu eta ahalbidetzeko saiakera egingo da, udal-zerbitzuen bidez, beste gizarte- eta hezkuntza-eragile batzuekin lankidetzan. Neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuko dira, biktimen arreta integrala lortzen laguntzeko, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere.

Hori guztia udalerrian indarrean dauden Indarkeria Matxistaren Aurkako Tokiko Planaren eta erakundeen arteko koordinazio-protokoloaren esparruan gauzatuko da.

Azaroak 30, Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna. Aurtengo A30 ospatzeko aukeratu den leloa Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten da. Azken hamarkadetan, desberdintasunak areagotu egin dira mundu globalizatuko hirigune askotan. Hazkunde ekonomikoa eta gizartearen garapena modu ezberdinean banatu dira, eta zatikatze eta segmentazio prozesu gero eta handiagoak eragin dituzte hirietan.

Gizarte bazterketa modu zahar eta berri hauek aurkezten dituzten erronken aurrean, hezkuntza da barneratzea errazteko eta banaketa ekiditeko estrategiak garatzeko ezinbesteko ardatzetako bat.

Hiri Hezitzaileek, hezkuntzak duen eraldaketa ahalmenaz jabetuta, politika proaktiboak eta prebentiboak jartzen dituzte martxan, inklusioa eta berdintasunaren alde lan egiteko eta bazterketaren zergatiak aztertzeko proposamen zehatzak egiteko.

Ermuak, Hiri Hezitzaile den heinean, segregaziorik eta oztopo fisiko eta mentalik gabeko herri librea eratu nahi du, bizilagun guztientzat irisgarria eta konektatua, eta era guztietako pertsonak elkar eragin ahal izango diren bizikidetza espazioak dituena.

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskarak gurekin egin dio aurre pandemiari, eta gurekin indartuta eta garaile atera behar da bertatik. Gure gizartearen ahultasunez jabetzera behartu gaituen esperientzia larriaren ostean, harremanetan jartzeko eta komunikatzeko modu, ohitura eta bide ezberdinak jaio dira, eta gehiago sortuko dira oraindik, berritzaile eta harrigarriagoak. Pandemiak lehen planora ekarri du aldez aurretik bagenekien zerbait: ze puntutaraino diren ezinbestekoak komunikazio kanalak eta sareak. Horrek erronka berri bat sortu du euskararentzat: komunikazio alor eta jarduera berrietan behar duen espazioa hartzea naturaltasun osoz. Eraginkortasunez. Indarrez.

Euskal hiztunen komunitatearen jarrera proaktiboari esker, komunikazioaren eta informazioaren teknologien hizkuntza gutxituak sareetan zabaltzeko eta indartzeko planteatzen duten erronka handiari aurre egiten ari zaio euskara.

Hizkuntzaren erabilera formalarekin batera, beharrezkoa da alor informaletan duen erabileraren gainean lan egitea. Euskal hiztunak naturaltasun osoz bizi behar du euskaraz hitz egiteko hautua bere ohiko harremanetan arlo formaletik lan jarduerara, aisialdira, kulturara edo kiroletara doanean. Horrek ematen baitio zentzua, neurri handi batean, euskaraz bizitzeari. Euskarari ezin diogu ukatu gorputzaren eta izpirituaren dibertsioarekin lotutako alorretan egotea. Eta aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da, hiztunen konpromisoaz gain, erakundeek ekin beharreko esfortzua, behar diren tresnak erraztuz eta eredu izanez. Funtsezkoa den ezer ezin baita atzean geratu. Ezta euskara ere. Inola ere ez.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere