Innpulso sareko udalek 2 milioi euro eskura izango dituzte berrikuntzako eragileak kontratatzeko

10.12.21
Erakundea

Langile berri horrek Sareko hiriei lagunduko die Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren erronkei aurre egiten

Gaur egun 63 dira Innpulso Sarea osatzen duten udalerriak, horien artean Ermua dago, Viladecansekin batera lehendakaritza partekatzen duena

Ministroen Kontseiluak aste honetan onartu du Innpulso Sareko Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sareko udalerrietan berrikuntza-eragileak kontratatzeko zuzeneko diru-laguntzak ematea arautzen duen 1080/2021 Errege Dekretua, abenduaren 7koa. Horrekin, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu langile horien kontratazioa finantzatzeko.

Laguntza horien helburua da bermatzea udal horiek gutxienez pertsona bat izango dutela udal-berrikuntzako politikak lantzeko. Figura berri horrek udalerriei beren kudeaketa-gaitasunak sendotzen lagunduko die, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren erronkei aurre egiteko.

Diana Morant Zientzia eta Berrikuntza ministroak nabarmendu duenez, udal-eremuko berrikuntza-ekimenek eragin erabakigarria dute tokiko eta eskualdeko ekonomian eta, beraz, pertsonen bizitzan. Proiektu horrekin, gaineratu du, Ministerioak aitortu egiten du toki entitateek zeregin garrantzitsua dutela gizarte berritzaile bat lortzeko, herritarrekiko, enpresekiko eta erakundeekiko duten hurbiltasunagatik, eta herrialde berdeagoa, digitalagoa, berdinzaleagoa eta inklusiboagoa sustatzen laguntzen du.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 20.000 biztanletik beherako udalerri txikietako eragileen urteko kostuaren %90eraino lagunduko du. 20.001 eta 100.000 biztanle arteko udalerrietan, Gobernuak %75eko ekarpena egingo du; 100.000 biztanletik gorako hirietan, berriz, %50ekoa.

Innpulso sarea

Innpulso Sarea (ARINN) Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ematen duen Zientzia eta Berrikuntzaren Hiria saria jaso duten hirien topagunea da. Gaur egun, tamaina guztietako 63 hirik osatzen dute. Sare horren bidez, udal horien arteko lankidetza sustatzen da politika berritzaileen arloan, politika horien kudeaketan jardunbide egokiak partekatzen dira, eta proiektu horiek herritarrei komunikatzeko ekimenak sustatzen dira.

Era berean, Innpulso Sarea eragile aktiboa da berrikuntzako erosketa publikoa, enpresa txiki eta ertainei eta ekintzaileei laguntzea eta Horizonte Europa Programaren testuinguruan proiektuetan parte hartzea bezalako politikak sustatzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
09.03.26
Zaporeak elkartearen eskualdeko VIII. erronka gaur hasiko da

Produktuak martxoaren 9tik 12ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 14an Eibarren
Imagen
06.03.26
Ermuak berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko konpromisoa berretsi du

‘Gizarte justu, aske eta demokratiko baten funtsezko eskubidea eta zutabea da' Beatriz Gamizentzat
Imagen
06.03.26
'Haurren Hiri Laguna' aitorpena berritu du Ermuak 2029ra arte

Udalak bigarren hitzarmena sinatu du gaur UNICEFekin 2026-2029 aldirako