Hiri Agenda proiektu pilotua aurkeztu du Ermuak

07.02.22
Erakundea

Ermuko Udalak 100.000 euroko diru-laguntza jaso du Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eskutik, Hiri Agendaren tokiko ekintza-planaren proiektu pilotua egiteagatik. Laguntza hori Next Generation funtsetatik dator, hau da, pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen lagunduko duen Europako Berreskuratze Planetik.

Proiektua astearte honetan aurkeztu da Informazio Batzordean. Rosalia Herrera Udaleko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Ermuko Hiri Agenda udalerrian Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) lantzeko proiektuak hartuko dituen esparrua izango da. Hiri Agenda GJHak hainbat ardatzetan banatzen dituen egitura da, herriaren beharrak landu ahal izateko.

Azken hilabeteetan abian jarri diren parte-hartze prozesuen bidez, Ermuko Udalak hiriko berrikuntzako ardatz estrategikoak Hiri Agendaren helburuekin eta tokiko ekintza planean definituko diren epe labur, ertain eta luzeko ekintzekin lerrokatu ditu.

Ekintza-plan hau eta horren ondoriozko proiektuak garatzeak Ermua hiri bizigarriago, berdeago, sozialago eta berdinzaleago baterantz eraldatzea erraztuko du. Mugikortasun iraunkorra, irisgarritasuna, hiri-berroneratzea, etxebizitza-parkearen birgaitzea, kalitatezko enplegua eta gizarte-urrakortasunen prebentzioa ere hiri-agenda honen ardatzak izango dira. Bere edukiak Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen barne kokatuko dira.

Ekintza-plana eta hiriko proiektuak

Tokiko Hiri Agendaren lan-plana hainbat fasetan banatzen da:

  • Lehenik eta behin, abiapuntu gisa baliagarria den dokumentazioa aztertu behar da. Profesional adituen laguntzarekin, Udalean aldez aurretik landu diren dokumentu estrategikoak aztertu dira, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta horietan oinarrituta, diagnostiko bat aurkeztu da.
  • Ondoren, diagnostikoa eskuan, formulazio estrategikoko proposamen bat egin da, Hiri Agendara iritsi ahal izateko.
  • Gaur egun prozesuan dago ekintza-plana bera, diagnostikoa eta formulazio-proposamena kontuan hartuta.
  • Hurrengo etapan, monitorizazio-sistema bat eratuko da.
  • Fase guztietan profesionalen eta herritar guztien komunikazioa eta parte-hartzea kontuan hartzen da.

Hiri Agendaren ekintza-planak Ermua eraldatzeko eta hiri bizigarriagoa, berdeagoa, sozialagoa eta berdinzaleagoa bihurtzeko hainbat proiektu landuko ditu. Honako hauek dira Agendaren helburuekin bat datozen proiektuetako batzuk: Gipuzkoa etorbidearen eta Eitzagaren arteko bide berdea, trenbide zaharrean; airearen kalitatea hobetzeko plana; jasangarritasun energetikoaren plana; Ermua Mugi; zuzkidura-apartamentuak eta bizikleta-sarea, besteak beste.

Informazio Batzordeko aurkezpenean ikus daitezke xehetasun guztiak, 02:43 minututik aurrera.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da