‘El pacto’ eta ‘El callejón de las almas perdidas’, Ermua Antzokiko zine programazioan
Hastear da Ermua Antzokiko zine aste berria, eta ostegunetik asteartera bitartean gustu guztietarako lau film izango ditugu ikusgai. Zineklubak emango dio hasiera egitarauari bihar, hilak 10, Apaiz kartzela dokumentalaren emisioarekin. Oier Aranzabalek, Ritxi Lizartzak eta David Pallaresek zuzentzen dute obra hau. Bertan, Zamorako apaizen espetxean (1968-1976) preso egondako lau apaizek espetxea bisitatzen dute berriro, non, kasu batzuetan, hamar urte baino gehiagoko zigorra jaso zuten, mezetan frankismoaren errepresioa salatzeagatik. Franco izan zen, hain zuzen ere, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua erabiliz, Kartzela Konkordataria sortu zuena erlijiosoentzat soilik, munduko bakarra. Dokumentalak Madrilgo, Galiziako, Kataluniako eta Euskadiko 53 erlijiosok zigor horretara derrigortuta egindako bidaiaren historia kontatzen du. Apaiz kartzela 20:30ean izango da ikusgai, euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:30ean, Bille August danimarkar zuzendariaren El pacto drama biografikoaren lehen emisioarekin. Birthe Neumann aktoreak Karen Blixen aurkezten digu, 63 urteko emakume arrakastatsua, Literaturako Nobel Saria irabaziko duen hurrengo idazlea izateko bidean doana. Memorias de Africa eleberri gogoangarria idatzi ondoren, Danimarka jaioterrira itzultzea erabaki du Neumannek, literatur sentsazio gisa bere burua eraldatuz. Bere bizitza kolokan jarriko du, ordea, Thorkild Bjørnvig (Simon Bennebjerg) 29 urteko poeta talentuduna ezagutzen duen egunean. Karenek literaturako hurrengo izarra izatea proposatzen dio, baldin eta, trukean, itsu-itsuan obeditzen badio. Nahiz eta horrek bizitzan dena galtzea suposatzen duen. El pacto astelehenean ere eskainiko da, 20:30ean.
Asteko bigarren film komertziala El callejon de las almas perdidas izango da, Guillermo del Toro zuzendari mexikarraren azken lana. Estatu Batuetan girotua dago, 30eko hamarkadaren amaieran. Stanton Carlisle (Bradley Cooper) etorkizun oparoa lortzen saiatzen den gizona da. Bere lehen helmuga zirku batean lan egitea da, non mota guztietako pertsona bereziak ezagutuko dituen. Leku horrek talentu ezberdinak biltzen ditu, eta Stantonek horiei etekina ateratzen jakingo du, Molly (Rooney Mara), adibidez. Molly neska gazte aparta da, eta hirira joango dira biak elkarrekin euren ikuskizuna sortzera. Baina, garaipen honekin pozik ez, eta Stanton Lillith (Cate Blanchett) izeneko emakume misteriotsu batekin aliatuko da sare arriskutsu bat sortzeko ahalik eta arrakastarik handiena lortzeko. El callejon de las almas perdidas igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean emitituko da.
Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean 17:00etan Buscando a la Magica Doremi animaziozko film japoniarra proiektatuko da. Nagoyako Sora, Tokioko Mire eta Onomichiko Reika itxuraz ezer komunik (adina, betebeharrak, nortasuna) ez duten hiru emakume dira. Batzen dituen gauza bakarra zera da, uste zuten bezala joaten ari ez zaien bizitza batekin nahastuta sentitzen direla eta La magica Do-Re-Mi telesaila ikusten hazi zirela. Maho-do dendan biltzen ziren sorgin-ikasleak, Kamakurako eraikin batean inspiratuta. Leku horretan biziko duten topaketa batetik abiatuta, hirukoteak ibilbide bat egiten du telesailarekin lotutako leku guztietatik, Doremi eta bere lagunak beti ondoan izan dituela ulertzen duten bitartean.
Lotutako albisteak

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu