Egitarau koloretsu eta alaia 2022ko Inauterietarako

12.02.22
Kultura eta Gazteria

Ermuko Udalak aurtengo Inauterietarako programazio dibertigarria antolatzea erabaki du, ospakizun gutxiko 2021aren ostean. LABIk osasun-larrialdia amaitu eta Euskadiko murrizketak astelehenetik aurrera bertan behera uztea erabaki du, eta horrek, pixkanaka bada ere, normaltasunera itzultzeko aukera eman die udalerriei. Egoera berri honetako lehenengo ospakizunak Inauteriak izango dira, otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean.

Jaiak otsailaren 24an, osteguna, Eguen zuri egunean hasiko dira, DJ Xaiborren haurrentzako diskotekarekin. Diskoteka Orbe Kardinala plazan izango da, 18:00etatik aurrera. Aurten ez da oilarraren joko tradizionala ospatuko; izan ere, herriko ikastetxeek, jarduera honen antolatzaileek, oraindik ''burbuila taldeak'' mantentzen dituzte ikastetxeetan, eta oraindik ez daude jarduera dinamizatzeko prest.

Ostiralean, hilak 25, Hartza egunean, hartzaren ohiko kalejira 18:30ean abiatuko da Lobiano Kultur Gunetik.

Hilaren 26an, larunbata, 12:30ean hasiko da egitaraua, koadrilen arteko mozorro lehiaketa eta kalejirarekin, eta Irulitxa herriko txarangak ekimenarekin bat egingo du 13:00etan. Arratsaldean, 17:30ean, haurrentzako txokolatada izango da plazan, eta, askaldu ondoren, txikienek Azkona berbenaren doinuekin dantzatu ahal izango dute. Irulitxak herriko erdiguneko kaleak jai-giroan zeharkatuko ditu 19:00etan, eta 19:30ean haurrentzako mozorro-lehiaketa egingo da. Gaua Los 40 dj festak girotuko du, 23:00etan.

Bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, martxoaren 1ean, asteartea, haurren diskotekarekin hasiko da jaia 16:00etatik aurrera. 18:00etan, Tiritirantes konpainiak Ulterior, bidaia kaleko ikuskizuna eskainiko du, eta, amaitzean, Continente orkestrak musika jarriko du Orbe Kardinalean. 2022ko Inauteriak Oihan Vegaren DJ jaiarekin amaituko dira, 23:00etatik aurrera.

Ermuko Udalak Ongarai Eskola, Eskolabarri, San Lorentzo Ikastetxea, Anaitasuna Ikastola, San Pelaio Ikastetxea, Deba-Beheko Bertso Eskola, Euskal Birusa, Txindurri taldea, AEK Euskaltegia, Udal Euskaltegia, Alboka Musika Eskola eta Antxitxiketan taldearen laguntza du jaietako ekitaldiak antolatzeko.

2022ko Inauterietako kartela Sonia Garcia Fuentes artista ermuarraren Aktore nagusia lana da.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
28.11.25
Gaztegunera sartu ahal izateko, eman izena

Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian