Ermuak 850.000 euro jasoko ditu proiektu estrategikoak bultzatzeko

21.02.22
Erakundea

Bizkaiko Foru Aldundiak Herriak Egiten funtsa iragarri du, iraupen luzeko zaintzaren, digitalizazioaren, mugikortasun jasangarriaren eta ingurumenaren alorrean probintziako udalerri guztiak hobetzeko helburua duen egitasmoa. Espainiako Gobernuak pandemiak eragindako krisiaren eragina arintzeko Bizkaira bideratu dituen 58 milioi eurok osatzen dute programa. Zenbateko osoa Bizkaiko 112 udalerrien artean banatuko da, bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera, eta Ermuari 850.000 euro dagozkio banaketa horretan.

Ezohiko finantziazio horren bidez, Aldundiak lurraldeko udalerriei lagundu nahi die inbertsio proiektu ezberdinak gauzatzen, batez ere, lau trantsizio estrategiko handiak sustatuko dituztenak: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena: "58 milioi euro horiek arlo horietan hobeak egingo gaituzten proiektuak bultzatzera bideratzea adostu dugu, udal-eremuan ere aldaketa handi horiek gauzatu ahal izateko. Gizarte aurreratuek erronka horiek dituzte aurretik, eta guk ere bai ", adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Herriak Egiten ekimenak Bizkaia osoa hobetu nahi du, lurraldeko pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko, bizi diren tokian bizi direla eta baldintza berdinetan.

Udalerri bakoitzak jasoko duen transferentzia ekonomikoaren zenbatekoak biztanle-tarteen arabera finkatu dira: 1.500 biztanle arteko udalerri txikienek 100.000 euro jasoko dituzte, eta Bilbok 15 milioi jasoko ditu, 200.000 biztanle baino gehiago dituen udalerri bakarra baita. Ermua zazpigarren biztante-tartean dago, 15.000 eta 20.000 bizilagun bitartekoan; beraz, 850.000 euro dagozkio.

Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, Herriak Egiten programaren 58 milioi euroez gain, Udalkutxa funtsaren likidazio positiboari esker, diru-sarrera gehiago izango dituzte udalerriek, 2021eko urrian aurreratu ziren aurreikuspenak hobetu baitira. Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioa 910,2 milioi eurokoa izan da 2021ean, aurreikusitakoa baino 80,8 milioi gehiago.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere