Ermua-Mallabia institutuko prestakuntza espezialitateak ikusgai Abian azokan
Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua Abian Debabarrenako Lanbide Heziketaren Azokan parte hartzen ari da gaur asteartea hasi eta ostegunera arte, hilak 24. Eibarko Ipurua estadioko aparkaleku estalian garatzen den bi urtean behingo ekimenak gaur goizean zabaldu ditu ateak, eta eskualdeko zortzi ikastetxetako formakuntza eskaintza izango da ikusgai bertan DBHko eta Batxilergoko 700 ikasle baino gehiagorentzat.
Ermua-Mallabia OLHUIk egun zentroan eskaintzen dituen hiru espezialitateak aurkeztu ditu azokan: ibilgailuen mantentzea, metalezko elementuen fabrikazioa eta ile-apainketa eta estetika. Horietan guztietan lanbide prestakuntza eskaintzen zaie 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei, eta aukera ematen zaie ikasketekin jarraitzeko erdi-mailako heziketa-ziklo batean, modulua amaitzean zuzenean sartzen baitira. Bestalde, gazteen heldutasuna sustatzen da garapen pertsonal eta profesionalerako.
Debabarreneko zortzi Udalek eta Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziak elkarlanean antolatutako azoka asteartetik ostegunera 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik, baita asteazken arratsaldean ere, 16:00etatik 18:00etara.
Ekimen honen helburua Lanbide Heziketa sustatzea eta Debabarrenaren kalitatezko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutaraztea da, enpresen benetako beharretara egokitutako kualifikazio-aukera gisa. Azokara hurbiltzen diren DBHko eta Batxilergoko ikasleek lehen eskuko informazioa lortu ahal izango dute ikastetxeen partetik, eta, horri esker, hobeto erabakiko dute zer ikasketa egin etorkizun hurbilean.
Era berean, azokak inguruko enpresek beren beharretara egokitutako ezagutza eta gaitasun tekniko-teknologikoak dituzten pertsonak izan ditzaten lagundu nahi du.
Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuaz gain, Abian ekimenean parte hartzen ari dira Armeria Eskola, IMH Campus, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua eta OLHUI Eibar.
Lotutako albisteak
Urtarrilaren 26tik otsailaren 7ra, bigarren lauhilerako
5.000 eta 20.000 biztanleko udalerrien artean ekimenik onenarena jaso du
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian