Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du
Ermuko Udalak Haurren eta Nerabeen Tokiko Bigarren Plana onartu du, Udalbatza osatzen duten talde politiko guztien babesarekin. 2025-2028 urteetan izango da indarrean dokumentua, eta 2020an onartutako lehen planari jarraipena ematen dio.
II. Planak Ermuko haur eta nerabeen eskubideak babesteko, entzuteko eta parte hartzeko dinamikak garatzeko eta sakontzeko gida izan nahi du. Horretarako, herriko gazteenei bereziki zuzendutako politika eta jarduera zehatzak garatzeko eta koordinatzeko oinarriak ezartzen dira 2025-2028 aldirako, sei helburu nagusitan banatuta. Xede orokor horiek, era berean, 30 ekintza espezifikotan banatzen dira.
Haur eta Nerabeen Tokiko Plana osatzerako bidean, hainbat ikuspuntu, ahots eta ezagutza bildu dira prozesu partekatu batean. Udaleko lan-talde guztiekin, herriko ikastetxeekin eta protagonista nagusiekin, haur eta nerabeekin, hain zuzen, lankidetza estua izan da, guztion artean gaztetxoenekin lagun eta gertukoa den Ermua eraiki ahal izateko. Horrela, lehenik eta behin herriko haurtzaroaren eta nerabezaroaren diagnostikoa egin da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, euren errealitatea hobeto ezagutu eta plan eraginkorragoa burutzeko helburuarekin. Era berean, 2023-2023 urteen arteko I. Planaren ebaluazio txostena ere egin da, horrek izandako eragina neurtu eta hobetu beharreko atalen berri izateko.
Behin datu guztiak jasota, II. Planari forma eman zaio, 2025an bertan hasi eta 2028ra arte sei helburu nagusi hauetan zentratuta:
- Haur eta nerabeei zuzendutako udal-politiken gobernantza- eta komunikazio- egiturak sendotzea
- Prestakuntza jarduerak garatzea hezkuntza alorrarekin koordinatuta
- Haur eta nerabeei zuzendutako kultura, kirol eta aisialdi politikak bultzatzea
- Haurrek eta nerabeek entzunak izateko eta dagozkien gaietan parte hartzeko duten eskubidea sustatzea
- Haurtzaroa babesteko udal mekanismoak garatzea
- Haurren eskubideen ikuspegia duen hiri-eredu baterantz aurrera egitea
Xede hauek guztiak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin lerrokatuta daude, baita UNICEFekin ere, 2021etik erakunde honek sustatzen duen Haurren Lagun den Hiria (CAI) baita Ermua. Plan honi esker, gainera, CAI Zigilua berritzeko aukera izango du gure udalerriak datozen urteetarako.
Lotutako albisteak

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du gaur, Arrasate eta Amurriorekin batera

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute