Abian da ‘We Make Debabarrena!’ STEAM erronka
Debegesa Garapen Agentziak We Make Debabarrena! ekimena jarri du martxan, eskualdeko zortzi ikastetxek parte hartzen duten erronka. Lehiaketa honen helburua da ikasleek eta ikastetxeek STEAM bokazioak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak) sustatuz egiten duten ahalegina erakustea eta hezkuntzan eremu horiei balioa ematea.
Ermuko Anaitasuna ikastola da ekimen honetan parte hartzen duten eskualdeko zortzi zentroetako bat, Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta Eibarko La Salle Azitain ikastetxeekin batera.
We Make Debabarrena! STEAM erronkak ikasturtean zehar ikastetxeek zientziaren eta teknologiaren arloan egindako proiektuak biltzen ditu. Guztira bideoan grabatutako 18 esperimentu aurkeztu dira. Proposamen guztiak esteka honetan ikus daitezke: https://bptdmakers.eus/reto-steam/
Ekimena hiru kategoriatan sailkatzen da: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, 5. eta 6. mailak eta DBHko lau mailak. Aurten, bi irizpide erabiliko dira kategoria bakoitzean esperimentu irabazlea aukeratzeko: batetik, bideo bakoitzaren bistaratzeak kontabilizatuko dira, eta, bestetik, epaimahai bat egongo da, aldez aurretik ezarritako parametro batzuen arabera proposamen bakoitza puntuatuko duena. Epaimahaia Basque Precision Technology District elkartearekin lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatuko dute.
Bideoen bisitak maiatzaren 27ko 16:30ak arte zenbatuko dira, eta ondoren epaimahaiaren bozketak gehituko dira.
Kategoria bakoitzean 500 euroko saria emango zaio talde osoari, Euskal Kostaldeko Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzako irteera baten edo eskualdeko elektronika-denda batean eskola-materiala erosteko 500 euroko bonu baten artean aukeratzeko.
BPTD Makers proiektua
Eustaten arabera, Euskadin, lau urtean, %17 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEAM ikasketetan; Lanbide Heziketatik eta Unibertsitatetik etorritako ikasleen %39 dira eremu horietan tituludunak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasleak Lanbide Heziketan sartu berri direnen %9 baino ez dira, eta Unibertsitatean sartu direnen %31.
Gero eta ekimen gehiago jartzen dira martxan, bai eskolan, bai eskolatik kanpo, gazteek eta batez ere neskek STEAM bokazioak hauta ditzaten. BPTD Makers proiektua da horren adibide. Debegesak duela bi urte ekin zion jarduera horri, Debabarreneko ekimen teknologiko eta zientifikoak ezagutzeko eta ikusarazteko eskualde mailan. Gainera, ikastetxeek ere gero eta ekintza gehiago egiten dituzte STEAM hezkuntzaren barruan beren egunerokotasunean.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren