‘Izua azaletan. Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez' erakusketa eskainiko du Ermuak
Terrorismoaren Biktimen Fundazioak, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak eta Vocento Taldeak, besteak beste, antolatu dute ekainaren 17tik uztailaren 24ra Izarra Centren ikusi ahal izango den erakusketa
Ermuak Izua azaletan. Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez erakusketa aurkeztuko du. Ekainaren 17tik uztailaren 24ra bitartean egongo da ikusgai Izarra Centre eraikineko bosgarren solairuan, astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da.
Galeria Terrorismoaren Biktimen Fundazioak, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Fundazioak, Vocento Taldeak, Ermuko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Barne Ministerioak antolatu dute elkarlanean. Inaugurazioa ekainaren 17an, ostirala, izango da, 11:30ean, eta bertan izango dira Juan Carlos Abascal alkatea, Denis Itxaso gobernuak EAEn duen ordezkaria, Enrique Ybarra El Correo-ko presidentea, Marimar Blanco Garrido Miguel Ángel Blanco Fundazioko presidentea, Tomás Caballero Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea eta Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren Fundazioko zuzendaria, beste agintari batzuekin batera.
Erakusketaren edukiak Espainian biktimak eragin dituzten erakunde terrorista guztiak hartzen ditu barne, 1960tik hasi eta 2021eko apirilaren 21era arte, egun horretan hil baitzituzten David Beriain kazetaria eta Roberto Fraile kameralaria Burkina Fason, atentatu yihadista batean. Erakusketa-proiektua 30 modulutan oinarritzen da. Bertan, atentatuek eragindako errealitatearen aurrean jartzen gaituzten egunkarietako azalak jasotzen dira, baita biktimen familiek lagatako eta/edo indar terroristei konfiskatutako objektuak eta argazkiak ere.
Gainera, sei metroko lau binilo egin dira bereziki Ermurako, 1997ko uztailean ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta erail zuenean gertatutakoak ardatz hartuta. Hemen bilduko dira egun haietan El Correo eta El Diario Vasco egunkariek argitaratu zituzten azalak, Miguel Angelen familia-albumeko hainbat argazki, haren izena daraman fundazioak utzitakoak, eta Vocentoko eskualdeetako egunkarien azalak, gertaera hark herrialde osoan izan zuen eragina islatzeko.
Azken batean, erakusketa terrorismoaren historiara hurbiltzen da biktimen ikuspegitik, bisitatzen duten pertsonekin konplizitatea bilatuz eta kaltetuei omenaldia eginez.
Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Memorialaren zuzendariak adierazi duen bezala, "erakusketa berezia da, kazetaritza-izaera nabarmenekoa, prentsak terrorismoaren aurka duen konpromisoa adierazten duena, atentatu bakoitza bere azaletan salatuz eta kontatuz". Izan ere, komunikabideetako profesionalak terrorismoaren historiaren lekuko pribilegiatuak izan ziren.
Ekimen hau posible da, besteak beste, Vocento Taldearen eta, bereziki, El Correo eta El Diario Vasco egunkarien lankidetzari esker, bere artxiboaren zati bat (azalak, prentsa-orriak, argazkiak eta binetak) doan lagatzeagatik; Polizia Nazionalarena eta Guardia Zibilarena, bere garaian erakunde terroristei atzemandako materialak lagatzeagatik; Trenbideen Museoarena, Madrilen 2004ko martxoaren 11n izandako atentatuetan hildako pertsonen oroimenez egindako elementuetako batzuekin; eta atentatuetako biktimen familiei esker.
Lotutako albisteak

Proiektuak oinezko eta txirrindularientzako eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu eta inguruko herrien arteko lotura hobetuko du

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita