Eusko Jaurlaritzak eta Ermuko Udalak 'Miguel Angel Blanco gogoan - Elkarbizitza eraikiz' gunea aurkeztu dute

27.06.22
Erakundea

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak aurkeztu dute gaur Miguel Angel Blanco gogoan / Elkarbizitza eraikiz. Memoria para la convivencia erakusketa, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak diseinatu duena. Espazioa Izarra Centre eraikineko laugarren solairuan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzak Miguel Angel Blancoren oroimenez eta omenez egingo diren ekitaldien barruan antolatu dituen bi erakusketetako bat da, ETAk hil zuenetik 25 urte betetzen direnean.

Aurkezpenean izan dira ETAren hainbat biktima, Ertzaintzako agenteak eta Eibarko eta Ermuko gazteak, guztiak ere bi erakusketen parte eta protagonista direnak. Horrez gainera, bertan izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria, beste agintari batzuen artean.

Juan Carlos Abascal alkateak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari "Ermuan erakusketa hau bisitatzeko aukera eskaintzeagatik". "Bertan, pertsona maiteen galera tristeki jasan zuten biktimen, familien, gazteen eta gizarte-mugimenduen testigantzak entzungo ditugu". Era berean, bakearen alde lan egin duten gizarte-mugimenduei urte luzez erakutsitako ausardia aitortu nahi izan die, eta bereziki Ermuko bizilagunei, "euretaz oso harro sentitzen bainaiz". "Mugimendu herritar eta instituzional horiek guztiek aztarna ezabaezina utzi zuten gure oroimenean", azpimarratu du Abascalek.

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzetan, Miguel Angel Blancori egiten zaion omenaldia "terrorismoaren biktimak erdigunean jarriz; bakearen defentsan eta terrorismoaren deslegitimazioan aitzindari izan ziren pertsona eta erakundeen konpromisoa balioetsiz; eta etorkizunari begira, euskal gazteen begiradaren bitartez" egin da. Gazteak aipatu ditu hain zuzen Artolazabalek, "indarkeria adierazpen oro deslegitimatzeko eta ez errepikatzeko berme gisa": "Etorkizun baketsua izateko bermerik onena zarete".

Bestalde, Josu Erkorekak adierazi du erakusketa horien bidez "Miguel Angel Blancoren bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun pertsonala, familiak eta gizarteak bizi izandako larritasuna" sentitu ahal izango dugula. Gainera, "horrekin ETAren biktima guztiak ere gogoratzen ditugu, eta terrorismo-urteetan euskal gizarte osoa babesteko, polizia-eginkizun guztiz ezezagunetan, isilean eta modu anonimoan, aritu ziren agente guztien lana aitortzen dugu", erantsi du.

Gogora institutuaren erakusketa

Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, diseinatu duen Miguel Ángel Blanco gogoan / Elkarbizitza eraikiz. Memoria para la convivencia erakusketa gaur ireki da jendearentzat, eta uztailaren 24ra arte egongo da zabalik. Guztira 180 metro karratuko eremua hartzen du, hiru aretotan banatuta, Izarra Centre eraikineko laugarren solairuan. Helburua da Miguel Angel Blancoren hilketaren bidegabekeria eta atentatu hark gizartean sortu zuen kondena eta gaitzespen aldarria islatzea. Horrela, atentatuari heltzen zaio gaur egunetik gogoratuta, baina begirada etorkizunean jarrita.

Lehenik eta behin, protagonismo osoa eman zaie gertaera traumatiko hura bizi ez zuten baina euren herriko duela gutxiko historia euren familien eta programa hezitzaileen bidez ezagutu duten Ermuko eta Eibarko gazteei. Gazte horien gogoetak iragan traumatikoaren eta etorkizun itxaropentsuaren arteko, elkarbizitza baketsuaren aldeko, hari nagusia dira; izan ere, iraganean gertatu zena jakin nahi dutela aldarrikatzen dute etorkizunean hutsegite berberak ez egiteko eta giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko apustua sendotzeko.

Bigarrenez, erakusketara hurbiltzen direnek aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte ETAren biktimen familiartekoen lekukotasunak. Gobernuak Gogoraren ikus-entzunezko funtseko lekukotasunen laburpen bat prestatu du Euskadin bizi izandako terrorismoa ikus-entzuleei terrorismo hura jasan zutenen begiradaren bidez hurbiltzeko. Gogoraren helburua da begirada ezinbestez gizatiartzea, terrorismoak eta indarkeriak Euskadin berekin ekarri zuenaren larritasunaren helmena ulertzeko.

Azkenik, hirugarren gunean Gogorak mugimendu bakezaleen historia erakutsiko du, hasi zenetik Euskadin indarkeria amaitu zenera artekoa. Helburua da berariazko aitorpena egitea, egoerarik okerrenetan ere, indarkeriari eta zentzugabekeriari publikoki erantzuten jakin zuten pertsonei eta kolektiboei.

Erakusketa, azken batean, duela gutxiko iragana ahaztu gabe etorkizun adiskidetsua eraikitzen saiatzen ari den gizartearen isla da; duela gutxiko gure memoria, hain zuzen ere, memoriari buruzko politika publikoaren oinarrizko ardatzetako bat bihurtu duen gizartearen isla.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere