TAO sistema berriro indarrean izango da irailaren 1etik aurrera

31.08.22
Gizartea

Gaur, asteazkena, agur esango diogu abuztuari, pertsona askorentzako oporrei eta atsedenari bereziki lotutako hilabetea. Halaber, hainbat zerbitzu indargabetuta izaten dira abuztuan, besteak beste TAO zerbitzua (Trafikoaren eta Aparkalekuaren Antolamendua). Bihar, irailak 1, osteguna, berriro sartuko da indarrean zerbitzu hori, eta gure herriko txandakako aparkaleku arautu eta doakoak ohiko funtzionamenduari ekingo dio, ordenantzan jasotzen den bezala.

Ermuak txandakako erabilerarako 48 aparkaleku espezifiko ditu, TAO sistemaren bidez kudeatzen direnak. Zerbitzua doakoa da, eta astelehenetik larunbatera egoten da indarrean, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Igandeetan, jaiegunetan eta abuztuan ez da sistema aplikatzen, eta funtzionamendu-ordutegitik kanpo aparkatzea librea da.

Gune horietako aparkalekua bi ordukoa izaten da gehienez, zerbitzuaren ordutegiaren barruan, eta ez dago eremu berean bi ordu igaro arte aparkatzeko aukerarik, ekimen honen helburu nagusia plazak txandakatzea eta herritarrentzako aparkaleku eskaintza zabaltzea baita. Horrela, tokiko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatu nahi dira.

Txandakatzea bermatu nahi da, ez gehien ordaintzen duenak ordu gehiago egon ahal izatea. Berdintasunezko sistema da, doakoa guztientzat eta denbora berean.

Aparkalekuen kudeaketa eta kontrola aparkaleku-tiketak saltzen dituzten parkimetroen bidez egiten da, eta Udaltzaingoak ikuskapen-lana burutzen du. Ordenantzak ezartzen duen araudia betetzen ez bada eta denbora gainditzen bada, 50 euroko isuna ezarriko da. Aparkaldi irregularrak hiru ordu baino gehiago irauten badu, zehapena 100 eurokoa izango da.

Ostegun honetatik aurrera, honako eremu hauetan egongo da martxan sistema:

  • 1. zonaldea: Diputazio kalea. Merkatu plazaren ondoan, Diputazio eta San Pelaio kaleen arteko zeharbidean, 7 plaza daude, alde batean lau eta bestean hiru. Azken hiru horiek karga-deskargarako izango dira 09:00etatik 13:00etara.  Diputazio 3 eta 7 zenbakien artean, aldiz, beste 15 plaza daude.
  • 2. zonaldea: Karabixa kalea. 6 plaza 1. zenbakiaren hegalean eta 7 plaza 2. zenbakiaren hegalean. Plaza bat desgaitasuna duten pertsonentzako gordeta egongo da.
  • 3. zonaldea: Goienkale kalea. Goienkale eta Kantabria kaleen arteko bidegurutzetik Goienkale eta Karabixa kaleen arteko bidegurutzera, zenbaki bakoitien espaloian: 8 plaza. Eta Goienkale 5etik (Lobiano) Kantabria zeharbidearekin duen bidegurutzera arte: 5 plaza.

Lotutako albisteak

Imagen
30.01.26
Imagen
30.01.26
Inauteriko programa prest, festa noiz iritsiko zain!

Ermua Inauteriak otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dira
Imagen
30.01.26
‘Bizkaia Adin Guztientzako Lurraldea' hausnarketa estrategikoan parte hartu du Ermuak

Tailer monografikoan egin da hausnarketa Urdulizko ‘Nagusi Intelligence Center' zentroan