Lagunduko diguzu 2023ko Udal-aurrekontuak zehazten?

16.09.22
Erakundea

Ermuko Udalak Udal Aurrekontuak osatzeko parte hartzeko kanala jarri du martxan aurten ere. Bi astez, herritarrek 2023ko Aurrekontuak eratzeko zehazten dituzten proposamenak eta lehentasunak bilduko ditu erakundeak. Horrela, Udalak hobeto ezagutuko du zein diren herritarrentzat alorrik garrantzitsuenak, guztion artean Ermua inklusiboagoa, erresilienteagoa eta iraunkorragoa eraikitzen jarraitzeko.

Parte-hartze prozesua irailaren 19an, astelehenean, hasiko da. Ermuan erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute beren lehentasunak, hobetzeko ideiak edo iradokizunak aurkeztuz urriaren 2ra arte (hau barne).

Urte honetan, gure hiriaren etorkizunerako oso garrantzitsuak diren partaidetza-prozesuak gauzatzen ari dira, hala nola, mugikortasun iraunkorreko plana, hiri-agendaren ekintza-plana, Hiri Hezitzailea eta Adinekoentzako Hiri Lagunkoia proiektuetatik eratorritako ekintza-planak, besteak beste. Parte hartu duten (eta jarrai dezaketen) pertsonen ekarpenak, prozesu berri honen ekarpen eta ideiekin batera, Ermua hobetzen lagunduko dute.

Herritar guztiei parte-hartzea errazteko, proposamenak Udalari helarazteko hainbat bide prestatu dira:

  • Erakundean lantzen ari diren ardatz estrategikoak jasotzen dituen galdetegi bat banatuko da herriko etxe guztietara. Parte hartu nahi duten pertsonek beren lehentasunak zein diren adierazi ahal izango dute, eta, gainera, udalerrian gauzatu nahi lituzketen jarduerak edo ideia zehatzak idazteko gune bat izango dute. Inprimaki hau hemen entregatu ahal izango da:
    • Correoseko edozein postontzitan, frankeatu beharrik gabe.
    • Abiapuntun, Lobiano Kultur Gunean eta Miguel Angel Blanco udal kiroldegian prestatuko diren hautestontzietan.
  • Galdetegia formatu digitalean aktibatuko da irailaren 19an, Udalaren webgunearen bidez, eta bertan formularioa bete eta bidali ahal izango da.

Informazio-karpak

Herritarrek prozesuari buruzko informazio gehiago lortzeko eta galdetegiak bete eta entregatzeko, Udalak informazio-karpak jarriko ditu herriko hainbat tokitan iraileko azken astean. Karpak 18:00etatik 20:00etara egongo dira erabilgarri egun eta kokapen hauetan:

  • Irailak 28, asteazkena: Patxi plazan, San Pelaion eta San Lorentzon (hotelaren aurrean).
  • Irailaren 29an, osteguna: Patxi plazan eta San Isidron, Lobiano atzean.
  • Irailaren 30ean, ostirala: Patxi plazan, San Pelaion eta San Lorentzon (hotelaren aurrean).

Proposamenak aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa izango da NANarekin identifikatzea, bai aurrez aurre parte hartzen bada, bai Internet bidez parte hartzen bada.

Ideiak jaso ondoren, ekarpen guztiak balorazio teknikoaren pean jarriko dira, eta 2023ko Aurrekontuan sartuko diren, ezetsi egingo diren edo azterlan gehigarrien zain edo etorkizuneko jarduketetarako utziko diren erabakiko da.

Kontuak ematea

Hurrengo Aurrekontuaren lehentasunei buruzko galdera-sortarekin batera, Ermuko herritarrek 2022ko Aurrekontuetarako lehenetsitako eremuei buruzko informazio-liburuxka bat ere jasoko dute: enplegua eta ekintzailetza, bazterketa-arriskuan dauden pertsona eta familientzako laguntzak, irisgarritasuna/mugikortasuna, zerbitzuen eta herritarren arretaren hobekuntza eta ingurumen-iraunkortasuna. Argitalpenak laburbiltzen ditu ekitaldi honetan arlo horietan egin diren jarduera garrantzitsuenak.

Aurrekontuen informazio esku-orria

Lotutako albisteak

Imagen
22.01.26
Udan haur saharar bat etxean hartu nahi duzu?

Rio de Oro gobernuz kanpoko erakundeak gutxienez 5 familiaren bila dabil kanpaina honetarako
Imagen
30.12.25
Ermuak 27,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

PSE-EE/PSOE (6), EAJ/PNV (3) eta PP (2) taldeen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu (4) abstenitu eta Elkarrekin Ermuak (2) kontrako bozkatu du
Imagen
19.12.25
Ermuak 1.125.000 euroko dirulaguntza jasoko du Merkatuko plaza zaharra birgaitzeko

Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako