Zure oporretako argazki onenek saria jaso dezakete Ermuan

22.09.22
Kultura eta Gazteria

Ermuko Udaleko Kultura Alorrak udako oporretako argazki lehiaketaren edizio berria antolatu du. Ekimen honetara aurkezteko epea zabalik dago jada, datorren urriaren 4a arte, asteartea.

Euskadin bizi diren eta adinez nagusi diren pertsona guztiek parte hartu dezakete lehiaketan, eta bi kategoria izango dira: kamerarekin (digitala nahiz analogikoa) ateratako argazkiak, eta mugikorrarekin ateratakoak. Gai nagusia oporrak dira, beraz, munduko edozein txokotara egindako bidaietan zehar ateratako edozein argazki aurkeztu ahalko da lehiaketara.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere koloretako hiru argazki eta zuri-beltzeko beste hiru aurkezteko aukera izango du. Argazkiek originalak, aurrez argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan beharko dute. Debekatuta dago irudiak aldatzea (elektronikoki, eskuz nahiz beste edozein modutara dela ere), eta ez dira muntaiak onartuko.

Berrikuntza gisa, aurten ez da argazkientzat tamaina finko bat eskatuko; baldintza bakarra 40x50 zentimetroko kartulina batean sartu ahal izatea eta bertan itsatsita aurkeztea izango da. Kartulinaren atzeko aldean irudiaren izenburua eta egilearen ezizena jarriko dira. Gero, sobre itxi batean, partaidearen NANaren fotokopia, telefono zenbakia, argazkiaren izenburua, lekua eta data zehaztuko dira. Kartazalaren kanpoaldean, kartulinan bezala, argazkiaren izena eta ezizena idatziko dira.

Argazki bakoitza behar bezala bilduta aurkeztuko da, azalean "Argazki lehiaketa – 2022ko oporrak" idatzita. Mugikorrarekin ateratako irudiak badira, kartazalean espreski zehaztu beharko da hala dela. Lanak Lobiano Kultur Gunean entregatu behar dira, aurrez aurre edo posta bidez (Ermuko Udala – Lobiano Kultur Gunea, Goienkale 10, 48260 Ermua).

Irudiak aurkezteko epea urriaren 4an, asteartea, 14:00etan amaituko da. Epaimahaiak urriaren 7an erabakiko du zeintzuk diren irabazleak, eta argazkien kalitatea eta sormena hartuko dira kontuan batez ere.

Lehiaketaren oinarriak

300 eurorainoko sariak

Lehiaketak bi sari emango ditu kategoria bakoitzean, eta pertsona berberak ezin izango du bat baino gehiago jaso.

Kamerarekin ateratako argazkien kategorian, lehen saria 300 eurokoa izango da, eta bigarrena, 200 eurokoa. Mugikorrarekin ateratakoen kasuan, 200 euroko lehen saria eta 100 euroko bigarren saria emango dira. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, baina oinarrietan sor daitezkeen zalantzak edo ezustekoak argitu ahal izango dira.

Saritutako lanak Ermuko Udalarenak izango dira; lehiaketara aurkeztutako gainerako proposamenak epaimahaiak erabakia hartu eta hurrengo 30 egunetan zehar jaso ahal izango dira.

Zoritxarrez, aurten ez da lehiaketaren ondorengo ohiko argazki-erakusketa egingo, Lobiano Kultur Guneko erakusketa-aretoetan Udal liburutegia kokatu baita behin-behinean, Teresa Murga eraikineko obrek irauten duten bitartean.

Lotutako albisteak

Imagen
31.05.24
Mikel Losada aktoreak botako du suziria 2024ko Santixauetan

Aurtengo txupineroa izango da Jai Batzordearen erabakiz
Imagen
30.05.24
Antzokiak 'Aquí no paga nadie' antzezlana hartuko du

Banarte Antzerki taldeak emanaldia eskainiko du bihar, ostirala, 20:30etik aurrera
Imagen
28.05.24
Zine proiekzioak irailera bitartean agur esango

Osteguneko zineklubean ‘Mamifera’ filma proiektatuko eta, horrekin, amaiera emango zaioz programazioari eta denboraldiari