Udal aurrekontuak, haurtzaroaren ikuspegitik
2023ko Udal aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesuak zabalik jarraitzen du, adin guztietako Ermuko herritarren proposamenak batuz. Asteazken honetan, 7 eta 9 urte bitarteko bosgarren Haurren Kontseiluko kide izan diren 25 haurrek aukera izan dute beren iritzia emateko eta Juan Carlos Abascal alkatearekin eta udal teknikariekin euren lehentasunak eta nahiak partekatzeko, guztion artean Ermua hobea eraiki ahal izateko.
Dinamika dibertigarrien bidez, kontseilari txikiek herriko euren gune gogokoenak identifikatu dituzte, eta batez ere kirol instalazioak eta jolasteko gune irekiak nabarmendu dituzte. Ondoren, bizi diren udalerriaz askoz gehiago gozatu ahal izateko ideiak eman dituzte, hala nola, abentura-jarduera gehiago parkeetan, berdeguneen hobekuntza, haurren eremuetan euri-egunetarako estaldura handiagoa eta San Pelaio plazara jende gehiago erakartzeko aldaketak.
Haurren Kontseilua udal ordezkariekin bilduko den kolektiboetako bat baino ez da, 2023ko aurrekontuetarako ideiak aurkezteko eta proposamenak egiteko. Gaur, osteguna, Kultura Kontseiluaren txanda izango da.
Partaidetza-prozesuak zabalik jarraituko du urriaren 2ra arte, eta Udalak 16 urtetik gorako herritar guztiak animatu nahi ditu beren iritzia ematera eta udalerri inklusiboagoa, erresilienteagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko garrantzitsuenak iruditzen zaizkien eremuak finkatzera.
Prozesu honetan parte hartzeko bideak honako hauek dira:
- Papereko galdetegia betez, erakundean lantzen ari diren ardatz estrategikoen inguruan. Ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek beren lehentasunak zein diren adierazi ahal izango dute, eta, gainera, udalerrian gauzatu nahi lituzketen jarduerak edo ideia zehatzak idazteko gune bat izango dute. Inprimaki hau hemen entregatu ahal izango da:
- Correos-eko edozein postontzi, frankeatu beharrik gabe.
- Abiapuntun, Lobiano Kultur Gunean eta Miguel Angel Blanco udal kiroldegian prestatuko diren hautestontziak.
- Informazio-karpak, non galdesorta bera ere eskuratu ahal izango den, 18:00etatik 20:00etara. Gaur, osteguna, zabalik egongo dira Patxi plazako eta San Isidro kaleko karpak, Lobianoren atzean, eta bihar, ostirala, Patxi plazan, San Pelaion eta San Lorentzon (hotelaren aurrean).
- Galdetegia formatu digitalean bete, udalaren webgunearen bidez. Bertan galdera berberak erantzun eta zuzenean bidali ahal izango da.
Proposamenak aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa izango da NANarekin identifikatzea, bai aurrez aurre parte hartzen denean, baita Internet bidez ere.
Ideiak jaso ondoren, ekarpen guztiak balorazio teknikoaren pean jarriko dira, eta 2023ko aurrekontuan sartuko diren, ezetsi egingo diren edo azterlan gehigarrien zain edo etorkizuneko jarduketetarako utziko diren erabakiko da.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere