‘Los perdonados’ eta ‘El test’, Ermua Antzokiko asteko zine emanaldietan
Zine aste berri bat hastear da Ermuan, eta ostegunetik astelehenera bitartean Antzokiko pantailan lau film izango ditugu ikusgai. Urriko bigarren aste honetan, oraindik hilabeteko bonoa eskura daiteke, zineklubeko eta zine komertzialeko 12 zintak ikusteko 18,20 euroren truke. Bono hau Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eros daiteke.
Asteko programazioa ostegun honetan, urriak 6, hasiko da zineklub saioarekin. Bertan ikusgai izango dugu La casa entre los cactus thrillerra, Carlota Gonzalez-Adrio zuzendari kataluniarraren debuta. Emiliok eta Rosak familia perfektua osatu dute. 70eko hamarkadan, Kanariar Uharteetako basamortu gunean, maitasunez beteriko etxea osatu dute lore izenak dituzten euren bost alabekin: Lis, Iris, Melisa, Lila eta Dalia. Jendartetik eta euren herrialdean utzi zuten bizimodutik urrun, paradisu propioaz gozatzen dute, mundutik at. Mundua mehatxua da, eta familiaren tartean sartuz gero, betirako hautsiko luke. Emiliok eta Rosak badakite hori, bizi duten arriskuaz jabetu diren bakarrak dira, eta bizitza guztia daramate euren alabei sekretu izugarri bat ezkutatzen. La casa entre los cactus 20:30ean eskainiko da.
Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da Los perdonados filmaren lehen emisioarekin. John Michael McDonaghek zuzendutako lanak Ralph Fiennes, Jessica Chastain eta Matt Smith aktore ezagunak ditu protagonista. David eta Jo Henninger mediku eta idazle bikoteak Londonetik Marokora bidaiatuko du Richard lagunak Saharan duen etxe bikainean luxuzko asteburua igarotzeko. Alkohol gehiegi tarteko duen bazkari berantiarra egin ostean, Davidek, nekatuta eta logurez, Tangerretik lagunaren etxerako bide luzean berak gidatuko duela erabakiko du, eta iluntzean ustekabean bi gazte bide erdian agertzean, kontrola galdu eta bietako bat hilko du. Izuak hartuta, bikoteak gorpua kotxean hartu eta Richarden etxera jarraituko du, lagunak ondorioak ekiditen lagunduko diotelakoan. Los perdonados astelehenean 20:30ean ere ikusi ahalko da.
Asteko bigarren zinta komertziala Dani de la Orden zuzendariaren El test komedia espainiarra izango da, Alberto San Juan, Miren Ibarguren, Blanca Suarez eta Carlos Santosekin. Zer aukeratuko zenuke, ehun mila euro orain edo milioi bat hamar urte barru? Premisa sinplea dirudi. Hector (38 urte) eta Paula (37 urte) ezkontideek arazo ekonomiko larriei egin behar diete aurre Toni lagun aberatsaren erruz, baina lehenik euren erabakia adostu beharko dute. Hectorrek 100.000 euro nahi ditu bere taberna petral eta txiroa berritzen eta arrakastatsu bihurtzen saiatzeko, baina Paulak nahiago du sari handiaren zain egotea. El test larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etan Padre no hay más que uno 3 emitituko da, Santiago Segurak sortutako saga dibertigarriaren emanaldi berria. Badatoz Gabonak, eta familiak abentura berri dibertigarriei aurre egin beharko die. Haurrek aitaren bildumako Beleneko figura bat hautsiko dute nahi gabe, eta berdin bat aurkitu beharko dute bai edo bai, Arazoa da, antzinako elementuen denda bateko pieza bakarra dela.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan