Ermuak Innpulso Emprende ekimenaren seigarren edizioan parte hartuko du Valentzian
Innpulso Sareak 53 hiri ezberdinetako ordezkariak bilduko ditu ostiral honetan Valentzian, Innpulso Emprende ekimenaren seigarren ediziorako. Sareak antolatzen duen ekitaldi adierazgarriena da, eta udal-arduradunen eta ekintzaileen arteko topaketa erraztea du helburu nagusi. Aldi berean, herrietako ekimen berritzaileenak saritzen dira.
Innpulso Sareak berak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak sustatutako topaketa honetan parte hartuko du Ermuak, Valentziako Veles e Vents de la Marina gunean.
Hitzordu honetan, Sareko hirietako alkateak bilduko dira hiri bakoitzak hautatu dituen enpresa txiki eta ertainekin, mikroETEekin eta start-up berritzaileenekin. Horrela, enpresa txiki eta ertain berritzaileen arteko hurbilketa errazten da nazio-mailan, eta administrazioaren sustapenean eta berrikuntzaren laguntzan esperientziak trukatzea sustatzen da. Azken batean, Innpulso hirietako enpresa berritzaileak posizionatzen eta bultzatzen ditu, ikusgarritasuna emateko eta merkatu potentzialetan eta balizko inbertitzaileen artean sartu ahal izateko.
Ermuaren kasuan, Valentzian aurkeztuko den proiektua Bai.k izango da. Izarra Centre eraikinean kokatua, Bai.k bizikletari zuzendutako munduan bakarra den sistema bat eskaintzen du, kirol honen arazo nagusiei erantzuten diena: lapurretak eta bakarrik joatean gertatzen diren erorikoak. Bai.k hiru funtzio nagusi ditu: erabiltzaileak lapurreta-abisua jasotzea dagoen tokian dagoela, bizikletaren geoposizionamendua eta erorikoen aurrean hirugarrenei abisua bidaltzea, posizionamenduarekin.
Jardunaldiko programa
Innpulso Emprende ekimenaren seigarren edizioa Europako Batzordeak bultzatutako Hiri Adimendun eta Klimatikoki Neutroen Misioari buruzkoa izango da, bigarren urtez. Misioaren helburua da Europako 100 hiriri laguntzea, sustatzea eta gidatzea klima-neutraltasuneranzko eraldaketa sistemikoan 2030erako, hiri guztiak berrikuntza-zentro bihurtuz.
Jardunaldia 9:00etan hasiko da. Hizlariak Joan Ribó Valentziako alkatea, Innpulso sareko presidentekideak, Juan Carlos Abascal (Ermua) eta Carles Ruiz (Viladecans) alkateak eta Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia izango dira.
Ongietorri instituzionalaren ondoren, ekitaldiak hiru aurkezpen-bloke izango ditu, eta horietan enpresek, beren udalerriko alkatearekin batera, euren proiektua defendatu beharko dute labur-labur.
Bi sari emango zaizkie Gizarte Berrikuntzaren eta Berrikuntza Teknologikoaren arloko proiektu berritzaileenei. Gainera, aipamen berezia egingo zaio enpresa "influencer"-enari, hau da, sare sozialetan trafiko eta interakzio handiena sortu duenari.
Hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola ideiaren heldutasuna, proiektuaren izaera berritzailea, proiektuaren bideragarritasuna, taldearen gaitasuna eta esperientzia eta lurraldearen gaineko inpaktu-maila.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere