Badator Euskaraldia Ermura!
Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo da Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi zaie herritar eta entitate guztiei, hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusiak.
Ermuak ere bat egingo du Euskaraldiarekin, eta abian da norbanakoek zein entitate eta elkarteek izena emateko kanpaina. Ostegun honetan, urriak 20, Euskaraldiko furgoneta ibiltaria bisitan etorriko da herrira, eta 17:30etik 20:30era bitartean, ekimen honen inguruko informazio guztia emango zaie bertaratzen diren guztiei. Orbe Kardinala plazan kokatuko da postua, eta aurreko urteetan lez, Euskaraldian Ahobizi zein Belarriprest moduan izena emateko aukera izango da bertan:
- Ahobizi: euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko prest nago, lehen hitza beti euskaraz egingo dut eta elkarrizketa elebidunetan euskarari eutsiko diot.
- Belarriprest: euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko prest nago, eta nahi eta ahal dudanetan, dakitenei niri euskaraz hitz egiteko eskatuko diet uneoro. Egoeraren arabera, erabakiko dut euskaraz noiz egin.
Ostegunean bertan, 17:30ean, Gorka herriko artistak zuzeneko graffitia egingo du, eta Antxitxiketan begirale taldeak umeentzako tailerrak antolatuko ditu. 18:00etatik 19:00etara Ahobizi eta Belarriprest formakuntza eskainiko da, eta arratsalde osoan zehar, photocalla eta arropa salmenta izango dira bertan.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango den ekimenean dagoeneko 36 entitate baino gehiagok eman dute izena Ermuan, eta data hurbildu ahala, pandemia aurreko parte-hartze kopurura iritsi nahi da. Horretarako, Ermuko Euskaltzaleen batzarra osatzen duten entitate eta norbanakoak lanean ari dira, herritar guztiengana heltzeko asmoz.
Hurrengo batzarra urriaren 26an izango da, 19:30etan, Lobiano Kultur Gunean. Herritar guztiak gonbidatuta daude bertaratzera eta parte hartzera. Hitzez ekiteko garaia heldu da!
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago