San Martin azokak ia 60 elikagai eta artisau postu ekarriko ditu gure kaleetara
Astebete baino ez da falta Ermuko San Martin Azoka ezagunaren hogeita hamabigarren ediziorako, eta Euskal Birusa elkarte antolatzaileak azaroaren 12an, larunbata, gure kaleetan izango diren ekoizle eta artisauen zerrenda eman du ezagutzera.
37 postuk gure lurraldeko produkturik onenak eskainiko dizkigute: inguruko 9 ekoizlek fruta eta barazkiak ekarriko dituzte, beste 7k gazta, 8k ogia eta 4k eztia. Sagardo eta txakolin modalitatean Bizkaiko hiru artisau lehiatuko dira, eta beste sei postu egongo dira txokolatea, kafea, arrautzak eta ahatea bezalako produktuekin.
Borobiltzeko, hamalau artisautza postu, lau erakusketa txiki eta herriko lau ikastetxe ere izango dira euren produktuak eskainiko dituztenak. Eskolabarri, Anaitasuna Ikastola, Ermua BHI eta San Lorenzo ikastetxeak izango dira parte-hartzaileak, eta Kaltxango plazan kokatuko dira.
Aurreko edizioetan bezala, postu gehienak Orbe Kardinalaren plazan eta frontoian izango dira, baita Zubiaurre, Probaleku, Kaltxango, Santiago plazatxoan, Baldespinako Markesan eta elizako arkupeetan ere.
Jardueren egitaraua
Ospakizunak 11:00etan hasiko dira postuen irekierarekin, dantzak Orbe Kardinalaren plazan, herri kirolak Komentukua kalean, Kulkiko haur jolasak San Martin plazan, animalien erakusketa Martxoak 8 plazan, idiak Probalekun eta Itsasi dantza taldeko joaldunak herriko kale nagusietan zehar.
13:30ean nekazaritza postuen lehiaketako sariak banatuko dira, eta bazkari on baterako geldialdia egin ondoren, 18:00etan Luhartzek erromeria alaia eskainiko du plazan. Bizkaiko gaiteroek 19:00etan hasiko dute kalejira, eta zozketak eta larraindantza egingo dira ordu berean plazan.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago