Negulekuetako ekintzez gozatzeko prest?
Izen-emateak zabalik azaroaren 15etik 22ra
Ermuko Udaleko Euskara Sailak "Negulekuak" Gabonetako aisialdiko jarduerak antolatu ditu 2022rako.
Deialdia Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko ikasketak egiten ari diren gaztetxoei zuzenduta dago. Bederatzi egunez egingo dituzte jarduerak, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte. Ekintza hauen helburua haur eta gazteei euskara normaltasunez erabiltzeko aukera emango dien beste esparru bat eskaintzea da, lagunartean jarduera dibertigarriak egiten dituzten eta ongi pasatzen duten bitartean.
Antxitxiketan taldeak proposatutako programazioa aurreko urteetakoaren antzekoa izango da. Jarduerak 9:00etan hasiko dira, eta 18:00ak arte luzatuko dira; asteko lehen eta azken egunetan, aldiz, 13:30ean amaituko dira ekintzak. Dena den, behin parte-hartzaileen kopuru zehatza ezagututakoan, behin-betiko egitaraua, ordutegia eta aparteko oharrak zehaztuko dira.
Izena emateko epea azaroaren 15ean, asteartea, hasiko da, eta hilaren 22ra arte egongo da zabalik. Negulekuetan parte hartu ahal izateko, lehenik eta behin, bankuan ordaindu beharko dira tasak. Aurten, 52,08 euro izango dira parte-hartzaile bakoitzeko; bi anai-arreba edo familia ugariko kide izanez gero, pertsona bakoitzak 41,66 euro ordaindu beharko ditu.
Tasak "Negulekuak-Umearen izen-abizena" kontzeptuarekin ordainduko dira, kontu-zenbaki honetan: Kutxabank: ES89 2095 0040 6091 1099 0751
Ondoren, izena emateko eskaera bete beharko da Ermuko Udalaren egoitza elektronikoan edo, aurrez aurre, Abiapuntu bulegoan (Konbentukoa, 3, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara), bankuko abonua erantsita.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago