Tailer teknologiko dibertigarriak haur eta gazteentzat Izarra Centren

21.11.22
Ekonomi Sustapena

Gabonetako oporraldian zehar egingo dira Ermua Digital City eta Ermua iSTEAM

Ermuko Udaleko Garapen Ekonomikoko Sailak gazteentzako bi prestakuntza-ekintza antolatu ditu, batez ere praktikoak izango direnak eta etorkizunerako ikuspuntuarekin. Ermua Digital City eta Ermua iSTEAM tailerrak dira, hain zuzen, eta 8 urtetik gorako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute abenduan eta urtarrilean Izarra Centren.

Ermua iSTEAM Gabon egunetan

Izarra Centrek Ermua iSTEAM tailerrak hartuko ditu aurten ere abenduaren 26, 27 eta 28an. Mathmysterybox zientzia eta matematikaren dibulgaziorako elkarteak zuzenduko ditu hiru jardunaldiak, 11:00etatik 13:00etara, eraikineko laugarren solairuan. Ekimen honen helburu nagusia zientzia, teknologia, ingeniaritzak, arteak eta matematika, STEAM gaitasunak deiturikoak, gazteei modu dinamiko eta parte-hartzailean hurbiltzea da.

Jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira eta gehienez ere 11 urtetik gorako 30 haurrek parte hartu ahal izango dute, nahi izanez gero gurasoekin eta senideekin batera, zientzia eta teknologian murgiltzeko abentura zoragarri honetan.

Aurten hiru hitzaldi/tailer antolatu dira, eta horietan teknika zientifiko errazak erabiliko dira misterio bat argitzeko. Azken egunean programazio-jarduerak eta jarduera zientifikoak egingo dira, mahai-jokoen bidez, ordenagailurik erabili beharrik gabe, Deustuko Unibertsitatearen eskutik.

Ermua iSTEAM guztiz doakoa da erabiltzaileentzat, Ermuko Udalak finantzatzen baitu oso-osorik. Izena emateko epea abenduaren 4ra arte dago zabalik, eta formulario honen bidez bete daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu kartela edo idatzi posta elektroniko bat pe@udalermua.net helbidera.

Ermua Digital City urtarrilean

Elektronikaren, robotikaren eta teknologiaren munduan modu dibertigarri eta kolaboratiboan murgildu nahi duten 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean Ermua Digital City tailerrak egingo dira.

Gehienez ere 12 parte-hartzailek parking adimendun bat egiteko aukera izango dute, Doplay enpresaren laguntzarekin, hori arduratuko baita saioak dinamizatzeaz. Lehenengo egunean robot-ibilgailuan lan egingo da; bigarrenean, sentsoreak eta programazioa; hirugarrenean, aparkalekua eta seinaleak; eta laugarren eta azken egunean, multzo osoa integratuko da.

Jarduera IoT-ren lehen laborategi praktikoari lotuta egongo da (Internet of things edo Gauzen Internet), Izarra Centre-ren hirugarren solairuan kokatzen dena eta GAIArekin (Ezagutzaren Industria eta Teknologia Aplikatuen Elkartea) lankidetzan abian jarri zena.

Izen-emateak abenduaren 20ra arte bete daitezke, edo aurreikusitako plazak bete arte, esteka honen bidez. Interesa duten familiek 30 euro ordainduko dituzte eta Udalak jarriko ditu gainerako 90 euroak partaide bakoitzeko, plaza bakoitzeko kostua 120 eurokoa baita. Xehetasun gehiagorako, kontsultatu ekimenaren kartela.

Lotutako albisteak

Imagen
13.06.24
Azken txanpa Ermua TalenTIC 2024ko jardunaldientzat

Eguneko ardatz dira lurraldeari talentua erakartzeko politikak edo etorkizuna administrazioan
Imagen
12.06.24
Talentua garatu eta zaindu beharreko potentziala da

Gure DNAn modu naturalean izan dezakegu, edo lanarekin, iraunkortasunarekin eta hazteko interesarekin eskura dezakegu
Imagen
10.06.24
Ermua TalecTIC jardunaldien III. edizioa hastear

Aste honetako asteazken eta ostegunean gauzatuko dira Izarra Centren