Piztu dira Gabonak Ermuan
Kolorez eta argiz betetako 200 elementu baino gehiagok apaintzen dituzte Ermuko kaleak asteburutik. Pasatu berri den abenduaren 2an, ostirala, ospatu da Gabonetako argiak pizteko ekitaldia, Ermuko Udalaren eta herriko Merkatarien eta Ostalarien Elkartearen (EMOE) arteko lankidetzan.
Arratsalde hotza berotzeko eta girotzeko txokolatada ederraren ostean, Juan Carlos Abascal alkateak, Beatriz Gamiz, Jol Gisasola eta Arritokieta Araiztegi zinegotziek eta Aitor Ruperez EMOEko presidenteak piztu dituzte Ermuko gabon-argiak. Dozenaka pertsona bildu dira Orbe Kardinala plazako zuhaitzaren inguruan egindako ekitaldian.
Ermuko kaleetan barrena izarrak, estalaktitak, Olentzero irudiak, elur-malutak, arkuak eta argi-bolak dituzten koadroak daude jarrita: udaletxearen aurrealdean eta atzealdean, San Pelaio kioskoan, Kaltxango inguruan, Valdespina, Goiko eta Forja parkeetan eta Orbe kardinalaren plazan, Bizkaia eta Gipuzkoa etorbideetan, Valdespina markesaren kalean, VI. mendeurrenean, Diputazioa, Zearkalea, San Pelayo, Zubiaurre, Goienkale, Izelaieta, Erdikokale, Probaleku kaleetan, Aldapa, San Isidro, San Roque auzoetan, eta Santa Ana, Abeletxe, Ongarai, Sakona, Zerukoa eta Errebalburun. Gainera, Orbe Kardinala eta Kaltxango plazetan bi zuhaitz handi kokatu dira.
Bestalde, Ermuko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak zaldiko-maldiko koloretsua instalatu du Orbe Kardinala plazako frontoi gunean, etxeko txikienen gozamenerako.
Gabonetako argi guztiak kontsumo txikiko LEDak dira eta piztuta egongo diren bost asteetan 500 euro baino gutxiagoko gastua izango dute. Apaingarri horiek urtarrilaren 8an itzaliko dira, igandean, eta hurrengo egunean hasiko dira jasotzen.
Herriko argiztapenak, lehiaketa publiko bidez, Ximénez Iluminacion enpresari esleitu zaizkio, eta Eibarko Electricidad Cuadrako langileen babesa izan du gure kaleetan apaingarriak jartzeko. Gabonetako argiztapenaren aurrekontua ia hirurogei mila eurokoa da, BEZa barne.
Ermuko Udala aukeratu du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak merkatu jasangarriak, hirigune komertzialak, merkataritza ez-sedentarioa eta merkaturatzeko bide laburrak babesteko laguntzen deialdian onuradun izateko. Laguntza hori Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatzen duen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da. Ekintza hau Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak diruz laguntzen du.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere