Ermuak 23 milioi euroko udal aurrekontua izango du 2023rako

23.12.22
Erakundea

Ermuko Udalbatzak 2023rako Udal Aurrekontua behin-behinean onartu du ostegun honetan, abenduak 22. Aurrekontua 23.157.670 eurokoa izango da. Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektuak PSE-EE/PSOEren (7) eta EAJ/PNVren (4) aldeko botoak jaso ditu, eta oposizioko hiru taldeen ezezkoak: EH Bildu (3), Elkarrekin Ermua (2) eta PP (1).

Aurrekontu berria amaitzear dagoen 2022ko ekitaldi honetakoa baino milioi bat euro gehiagokoa da. Nabarmentzekoak dira 853.748 euroko inbertsioak, igerileku estali gabeen (425.000 euro) eta trenaren bide zaharrean egingo den bidearen (80.000 euro) proiektuetarako, auzoetako irisgarritasunerako, hainbat udal-zerbitzu hobetzeko eta digitalizatzeko eta ikastetxeak berregituratzeko, besteak beste.

Udal aurrekontuaz gain, erakunde autonomoenak ere onartu dira: Euskaltegia (200.162,54 euro) eta Promosa sozietate publikoa (1.313.296 euro), hain zuzen.

Hasierako onespenaren ondoren, akordioa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan eta hogei egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen. Epe horren ondoren, dokumentua behin betikoa izango da, alegaziorik jasotzen ez bada.

Laster esteka honetan osorik ikusi ahal izango den Osoko Bilkuran, bost udal taldeek aurrekontu proiektuari eta oposizioak aurkeztutako zuzenketei buruz eztabaidatu dute. Alderdi Popularrak bere lau zuzenketa partzialak defendatu ditu, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Ermuak aldaketa bana aurkeztu dute, 290.000 eta 166.825 eurokoak, hurrenez hurren. Bozketetan, zuzenketa guztiak atzera bota dira, eta aurkeztu dituzten alderdien aldeko botoak baino ez dituzte lortu.

Osoko bilkuraren bideo-akta datozen egunetan argitaratuko da, eta hiru ordu baino gehiagoko saioan esandako eta gertatutako guztia jasoko du. Gainera, dokumentazio osagarriaren atalean saioko dokumentu guztiak kontsulta daitezke jada.

Lotutako albisteak

Imagen
22.01.26
Udan haur saharar bat etxean hartu nahi duzu?

Rio de Oro gobernuz kanpoko erakundeak gutxienez 5 familiaren bila dabil kanpaina honetarako
Imagen
30.12.25
Ermuak 27,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

PSE-EE/PSOE (6), EAJ/PNV (3) eta PP (2) taldeen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu (4) abstenitu eta Elkarrekin Ermuak (2) kontrako bozkatu du
Imagen
19.12.25
Ermuak 1.125.000 euroko dirulaguntza jasoko du Merkatuko plaza zaharra birgaitzeko

Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako