Ermua Pilotari: oroimen eta legatu bokazioarekin, guztion ezagutzarako

06.02.23
Euskara

Profesionaletan jokatu duten Ermuko pilotarien lehen argazki bilduma aurreko ostiralean aurkeztu zen Lobiano Kultur Gunean. 'Ermua Pilotari' tituluko argitalpenaren hitzaurrean jasotzen denez, "Ermuak beti izan du lotura handia pilotarekin modalitate guztietan. Ermuar askok 'Ermua' izena eraman dute mundu osoan zehar: Ameriketan, Italian, Filipinetan, Txinan, eta abar... 66 argazki biltzen ditu bildumak, bakarkakoak gehienak, nahiz eta bikoteenak eta taldeenak ere badauden. Pertsonen izen-abizenak jasotzen ditu eta kronologikoki antolatuta dago, jaiotza-urtearen arabera. Askok ezagutzen ez ditugun kirolarien datuak. Iragan eta ondare hori jasotzea da argitalpenaren helburu nagusia; zabaltzea eta ezagutaraztea.

«Gure historiaren zati hori gogoratzeko eta denboraren poderioz ez galtzeko, pilotari ermuarren memoria eta lana ohoratzeaz gain, argitalpen hau egitea erabaki dugu», zioen Harri Araiztegi euskara arloko zinegotzi ordezkariak. Ekitaldian Juan Carlos Abascal alkateak, Fernando Aranberri euskara teknikariak eta Miguel Ángel Bilbao 'La Cesta Punta: los profesionales de la especialidad' liburuaren egileak ere parte hartu zuten.

Alkateak adierazi zuenez, "Ermuak pilotariei eskainitako bi gune ditu plazaren inguruan: Felix Izagirre Zeharkalea eta Kantabria Zeharkalea, Bernardo Garateren goitizena duena. Argitalpen hau Ermuko pilotari eta bertako protagonistei omenaldia da. Udan Ermuan pilotaren munduari beste omenaldi txiki bat egin nahi diogu, herriko zaleen oroimenez eskultura bat jarrita" bukatuz.

'Ezagutzen ez dena ez da interesgarri ez eta maitagarri ere'

Markinatik etorritako M. Angel Bilbao hizlariak arreta bereganatu zuen, bere lanarekin dokumentatu dituen pilotari ermuarren datu estatistikoak, informazioa eta pasadizoak eskaini zituelako. Zesta-punta da gehien eta ondoen ezagutzen duena. Bertako 55 pilotari profesionalak izan direla azpimarratu zuen. Berere lana bilduma honetan ikusi dituzuen datuen zutabe bat izan da.

Liburuxkak nahi gabe egindako omisioren bat edo ahanzturaren bat izan dezake. Hori dela eta, Fernando Aranberrik liburutegiarekin harremanetan jartzea gomendatu zuen; "informazioa duenak liburutegira eraman dezala, ekimen hau guztion artean osatu ahal izateko. Liburutegiak materiala -dokumentazioa eta/edo argazkiak- eskaneatuko ditu eta ekarri dituen pertsonari bueltatuko dizkio".

Berrogeita bost minutu baino gehiagoko kontakizun biziaren ondoren, Bilbaok bertaratuen aurrean adierazi zuen "harro egon behar duzue ermuarrak zuen ondare pilotazaleaz. Orain, gainerako biztanleei erakutsi behar diezue, batez ere gazteei, ezagutzen ez denak ez baitu interesik pizten eta maitatu ere ez baita egiten". Aurlezpenera bertaratutakoei ale bana eman zitzaien.

Eduki berriak gehitu ditu liburutegiak 'Bertako Bilduman'

Ermuko udal Liburutegiak Bertako bilduman eduki berriak erantsi eta argitaratu ditu Kultur Ondareko "Kirola" sailean, "Pilota" kirolari dagokion atalean. Edukien artean Ermuko pilotari eta zesta puntista desberdinen inguruko artxibo eta argazkiak aurki daitezke. Alde batetik, artxiboetan 49 fitxa argitaratu dira non pilotari eta zesta puntisten biografia txiki bat irakur daitekeen. Bestetik, argazki berriei dagokionean, 66 argazki berri argitaratu dira, pilotari desberdinen argazkiak agertzen direlarik, kronologia desberdinarekin eta testuinguru anitzetan.

Lotutako albisteak

Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago
Imagen
11.04.25
Markos Gimenoren "101 letrakartel", Ezekiel Etxebarria sariaren irabazlea

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da
Imagen
04.04.25
Euskaraldia ekimenaren laugarren edizio maiatzean izango

Maiatzaren 15etik 25era bitartean euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzeko konpromisoa