15 urte Vertigo Rockez blai

14.04.23
El grupo donostiarra Asgarth encabeza el XV Vértigo Rock
Kultura eta Gazteria
Gizartea
Herriko musika jaialdi ezagunak XV. urteurrena ospatuko du maiatzean

15 taldek musikaz beteko dute Ermua maiatzaren 12an eta 13an, Vertigo Rocken 15 urteko ibilbidea ospatzeko. Ermuko jaialdiak orain arteko ediziorik handiena aurkeztu du, bertako talentua eta estatu mailako talde ospetsuak uztartzen dituen kartelarekin.

Bere filosofiari jarraiki, jaialdi honen antolakuntzak ahalegina egin du tokiko taldeen ordezkaritza ahalik eta handiena izan dadin. Horrela, kartelaren erdia Ermuko taldeek osatzen dute, eta Alboka Musika Eskolarekin elkarlanean arituko da Vertigo berriz ere, udalerriko gazteek eszenatoki batera igotzeko aukera izan dezaten.

Egitaraua maiatzaren 12an, ostirala, arratsaldean hasiko da elektrotxarangarekin, herriko kaleetan giroa berotzeko. Ondoren, Bichorraro eta We Are Apes, Hello! ermuarren kontzertuak izango dira Orbe Kardinala plazan.

Larunbatean, hilak 13, Betiondon ospatuko da jaialdia, eta bi eszenatoki izango ditu: bata nagusia, aurreko urteetan bezala, eta Xabier Ciarsoloren omenezko karpa bat, soinurik hardcoreenak bilduko dituena.

Ktulu, Asgarth eta Yugular dira Vertigo Rock jaialdiaren XV. edizioko talde nagusiak. Ktulu kataluniarrak Ermuan izango dira euren 35. urteurrena thrash metalaren erritmora ospatzeko eta Asgarth donostiarrek, berriz, euskarazko heavy metal doinu melodikoak ekarriko dizkigute. Yugular, bestalde, Non Servium, Kaotiko eta Arkada Social taldeetako kideek osatzen dute, eta filtrorik gabeko punk proposamen basatia aurkeztuko dute.

Hardcore doinuen zaletuek Adrenalized donostiarrak, Brothers Till We Die madrildarrak eta Ekinocio eibartarrak izango dituzte gozagarri, eta metal alternatiboa ere ez da faltako Bones of Minerva madrildarren eskutik, ezta Shöck konboaren punka ere, Bilbotik eta Lleidatik zuzenean.

Larunbateko egitarauan, gainera, herriko bost talderekin gozatu ahal izango dugu, dagoeneko eskarmentudunak nahiz labetik atera berri-berriak. Orihenek hamargarren urteurrena ospatuko du Vertigon, Storbais mitikoekin batera, eta, aldi berean, hiru talde ermuar estreinatuko dira maiatzaren 13an eszenatoki gainean: Indabak, Painapple eta Makis 37.

Antolakuntza lanean ari da larunbateko jardunaldia osatuko duten jarduera gehiago sartzeko. Gainera, jaialdiaren kamiseta eta txapel ofizialak eros daitezke herriko ekimen hau babesteko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarraitu Vertigo Rock jaialdiaren sareak.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu