Ermuak hirugarrenez lortu du Gobernantzaren Bikaintasunerako ELoGE Zigilua

Ermuko Udalak ELoGE (European Label for Governance Excellence) Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua jaso du. Hirugarren aldiz eskuratu du tokiko erakundeak bereizgarria, tokiko gobernuentzako Europa mailako kalitate-bereizgarririk handiena, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak eta Europako Kontseiluak bultzatuta.
Juan Carlos Abascal alkateak jaso du saria, kristalezko dodekaedro bat, Donostiako EKINN zentroan egindako ekitaldian. Esther Apraiz EUDELeko presidentea eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkaria izan dira ekitaldiko aurkezleak, eta hautagaitzak aurkeztu dituzten Ermua, Azkoitia, Donostia, Errenteria, Irun, Legazpi, Erandio eta Laudio herrietako alkateak izan dira bertan. Bi ordezkariek parte hartu duten udalerri guztiak zoriondu dituzte, "ausardia, anbizioa eta konpromisoa" erakutsi dutelako berrikuntzarekin eta erakundeen etengabeko hobekuntzarekin.
Juan Carlos Abascalek "poz handia" hartu du "hirugarren aldiz jarraian" gobernu onaren bikaintasunaren Europako zigilua jaso ostean. "EUDELi, Ermuko herritar guztiei eta Ermuko Udalaren antolakuntzari eskerrak eman nahi dizkiet zigilu hau osatzen duten gobernu onaren printzipio guztiak hobetzeko egindako lanagatik, parte hartzeagatik, ahaleginagatik eta dedikazioagatik; izan ere, politika eta erakundeekiko ospea galtzen ari den uneetan lan egitea ezinbestekoa da", adierazi du.
Euskadiko 14 udalerrik dute jada zigilua
Bosgarren deialdi honetan, Ermuak, Azkoitiak, Donostiak, Legazpik eta Irunek lortu dute zigilua, autoebaluaziorako metodologia zorrotz baten bidez Gobernu Onaren hamabi printzipiori buruzko 72 adierazleak gainditu ostean: Parte-hartze demokratikoa; Giza eskubideak; Zuzenbidezko Estatua; Etika publikoa; Kontuak ematea; Irekitasuna eta gardentasuna; Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; Lidergoa, eskumenak eta gaitasunak; Erreakzionatzeko gaitasuna; Kudeaketa ekonomiko-finantzario sendoa; Iraunkortasuna eta epe luzerako orientazioa; eta Aldaketarako eta berrikuntzarako irekitasuna.
Adierazle bakoitza justifikatzeko, ebidentzia dokumentalak eman behar dira. Udal-tresnak baloratzen dira, bai barne-mailan (agintaldi-plana, finantza-kontrolerako plana, GJHekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea...), bai kanpo-mailan, herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (parte hartzeko eta gardentasunerako kanalak, kode etikoa edo jokabide-kodea, Agenda 2030 estrategia...).
Aurtengo edizioarekin, Ermuak dagoeneko hiru ELoGE zigilu ditu (2017, 2020 eta 2024), eta, Irunekin batera, kopuru horretara iristen den euskal udalerri bakarretako bat da. ELoGE zerrenda Europa osoko 21 herrialdetako 300 udalerrik osatzen dute orain arte, horien artean, Euskadiko 14 udalerrik (* zigilu bat /** bi zigilu /*** hiru zigilu):
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa |
Laudio* | Basauri** | Andoain* |
Vitoria-Gasteiz* | Bermeo* | Azkoitia* |
Bilbao* | Donostia* | |
Ermua*** | Eibar* | |
Leioa* | Irun*** | |
Legazpi** | ||
Urnieta** |
EUDELentzat eta Europako Kontseiluarentzat, azken helburua eta benetako "saria" ez da zigilua lortzea soilik, baizik eta udalak beren erakundeen etengabeko hobekuntza-prozesuan inplikatzea. Hori koordinazio politiko-teknikoaren bidez eta bere indarguneen eta garapen-eremuen diagnostikoaren bidez lortzen da. Edizio berri bakoitzean, akreditazioa berritzeko gonbita egiten zaie udalerriei, eta jardunbide egokiak identifikatzen dira hobekuntza-planak bultzatzeko.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko