Gertu, Entzute Aktiboko zerbitzu berria: Bai, esan!
Udal gizarte zerbitzuek 'Gertu' izena duen Entzute Aktiboko Zerbitzua eskaintzen hasi berri dute, 65 urtetik gorakoentzat. Adinekoentzako Eguneko Arreta Zerbitzuko beste baliabide osagarria izango da. Zerbitzuaren helburu nagusia erabiltzaile bakoitzaren egoerari eta beharrei buruzko informazioa ematea eta arreta pertsonalizatua eskaintzea da, erabiltzailearen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Asteazkenetan eskainiko da, goizeko 11:00etatik ordu 1era, Goienkalen dagoen 9 zenbakidun etxebizitzaren azpiko lokal batean (liburu-dendaren ondoan).
Gertu entzuten duen zerbitzua da; informazioa eta orientazioa ematen ditu egunerokotasunerako, honako behar edo egoera hauen aurrean:
- Nire egunerokoa betetzeko zerbitzuak eta jarduerak ezagutu nahi nituzke.
- Faltan botatzen dut beste pertsona batzuekin hitz egitea eta denbora partekatzea; batzuetan bakarrik sentitzen naiz.
- Ez dakit zer gertatzen zaidan, kezkatuta sentitzen naiz eta ez dakit zer egin.
- Orientagarri izan daitezkeen antzeko beste egoera batzuk.
Zerbitzu berriak helburu hauek ditu:
- Konfiantzazko eta segurtasuneko ingurune bat sortzea, adinekoak askatasunez hitz egiterik izan dezaten.
- Pertsona bakoitzaren beharrak entzutea eta identifikatzea, eta udalerrian dauden zerbitzuei eta jarduerei buruzko informazioa ematea.
- Erabiltzailea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara (OGZ) bideratzea, erreferentziazko gizarte-langile batek erantzun ditzakeen premiak identifikatzen direnean.
- Erabiltzaileen beharrei erantzungo dieten talde-programen bidez erantzun daitezkeen premia komunak ezagutzea.
- Babes-faktoreak indartzea.
- Dauden baliabide komunitarioetan parte hartzen laguntzea, haien gizarte-harremanak indartu ditzaten.
- Komenigarritzat jotzen den kasuetan, bakarrik dauden adinekoen borondatezko udal-erregistroan inskribatzea erraztea.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek baliabide berri horren berri emango diete herrian ditugun gainerako eragileei, beren egunerokotasunean identifika ditzaketen kalteberatasun-egoeretan daudenen artean ezagutzera eman eta erabiltzera anima ditzaten.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Aldundiak doako tailerra antolatu du adinekoentzat apirila eta maiatzerako

2025eko azaroaren 28ra arte eskatu ahal izango dira