Haurren Kontseiluak ideia berriak aurkeztu dizkio alkateari
Haurren Kontseilua lan-saio berri baterako bildu da gaur osteguna, martxoak 30. Ekimenaren seigarren edizioak Juan Carlos Abascal alkatearekin biltzeko eta urritik hona egindako aurrerapenak aurkezteko aprobetxatu du hitzordua.
Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako 22 haurrek osatzen dute VI. Haurren Kontseilua. Ikasturte honetan, haurren ikuspuntutik gure udalerriaren aktiboak eta gabeziak antzematea da lantzen ari diren erronka, Ermuko bizimodua hobetzen jarraitu ahal izateko.
Kontseilari txikiek gehien gustatzen zaizkien herriko espazioak eta baliabideak identifikatu dituzte. Gainera, haurtzaroarentzat lehentasunezkoak diren sei ildo ezarri dituzte, hobetu nahiko luketenak eta garrantzitsutzat jotzen dituztenak: jolasa, natura, harremanak, ikaskuntza, osasuna eta autonomia.
Maketa koloretsu eta dibertigarrien bidez, haurrek euren ideiak aurkeztu dizkiote alkateari, Ermua herri lagunkoiagoa eta haurren ikuspegira egokituagoa izan dadin.
Taldeak lanean jarraituko du maiatzera arte, orduan aurkeztuko baitute azken proiektua.
Haurren Kontseiluak, Ermuko Alkatetzaren organo aholkulari gazteenak, Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeen laguntza du: San Lorentzo, Ongarai, Anaitasuna, Eskolabarri eta San Pelaio.
Lotutako albisteak
Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako
Eusko Jaurlaritzak Ermuan egindako ekitaldi batean banatu ditu sariak. Amurriok elkukoa hartu du datorren urterako
Lau puntutan instalatu dira eta oinezkoen segurtasuna indartzeko helburuarekin