Liburutegiak 9 urtetik beherakoen familientzako gida didaktikoak sortu ditu
Ermuko Udal liburutegiak 9 urtetik beherako haurrak dituzten familientzako gida didaktikoak prestatu ditu, garapen tresna gisa baliagarriak izan daitezkeenak.
Argitalpen horiek adin horretatik beherako haurren familiak kezkatu ohi dituzten gaiak jorratzen dituzte, haurrentzako liburuen eta album ilustratuen bidez.
Orain arte hamalau gida argitaratu dira, eta liburutegiaren orrialdean kontsultatu daitezke, Esteka interesgarriak > Liburutegiko gida didaktikoak atalean.
Argitalpen bakoitzaren fitxan gida ikusi eta deskargatzeko esteka txertatu da, eta deskribapena, hura egiteko erabili den album ilustratuaren azala, egilea eta irakurtzeko gomendatutako adina ere kontsulta daitezke.
Argitalpen horiek, informazioa emateaz gain, haurrekin egiteko jarduerak proposatzen dituzte, eta gurasoei hazkuntza-, garapen- eta hezkuntza-prozesu osoan arrakastaz laguntzeko gomendioak jasotzen dituzte. Orain arte landutako gaien artean daude, besteak beste, lo-ohiturak, lehiakortasuna, titia kentzeko prozesua, loaren higiene ona sustatzea, pazientzia eta ahalegina, ohitura txarrak alde batera uztea eta frustrazioa kudeatzea.
Bestalde, gida bakoitzak, jorratzen duen liburuaren fitxa teknikoa gehitzeaz gain, hiru atal ditu:
- Zenbait jarduera eta/edo haurrei egin beharreko galdera gomendatzen dira, irakurketari ekin aurretik, pixkanaka gaian murgildu eta ikaskuntza- eta garapen-prozesuari hasiera emanez.
- Liburuaren ibilbide bat egiten da, orriz orri, irakurketak irauten duen bitartean, eta, horretarako, eskaintzen diren galderak eta jarduerak erabil daitezke.
- Familiek seme-alabekin egin ahal izango dituzten hainbat jarduera azaltzen eta proposatzen dira, gaiaren garapena eta familia-lotura aldi berean indartuz.
Gida didaktiko bakoitzaren amaieran, irakurketa-gida txiki bat sortu da, gai bakoitza lantzen jarraitzeko baliagarriak izan daitezkeen haurrentzako beste liburu batzuen gomendioekin.
Kasu guztietan euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako liburuak aukeratu dira, Ermuko liburutegian bertan edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko beste batzuetan eskuragarri daudenak. Eskaera eta mailegua errazteko, gai bakoitzaren fitxan agertzen den album ilustratuaren irudian klik eginez EIPSren webgunean sartu ahal izango gara.