Loreak Sotero Mazo eta Miguel Ángel Blancoren omenez
Ermuko Udalbatzak Sotero Mazo eta Miguel Angel Blanco ETAk 1980an eta 1997an hildako bi bizilagunen omenez antolatutako ekitaldi instituzionalean parte hartu du gaur, osteguna, uztailak 12. Aurten ere Agustin Ibarrolaren monolitoan izan da ekitaldia, eta udal talde politiko guztietako zinegotziak, PP izan ezik, eta biktimen senideak izan dira bertan, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso Gogora Memoriaren Institutuko zuzendariak eta Mar Dabán Gobernuak Araban duen ordezkariordeak lagunduta, besteak beste.
Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei "Ermuko bizilagunen dibertsitatea eta aniztasuna irudikatzen duen ekitaldian" parte hartzeagatik, "pentsatzen dutena, sentitzen dutena eta bozkatzen dutena edozein dela ere". Halaber, duela 27 urte herritarrek izandako "ausardia" aitortu nahi izan du, "erakunde honen deiarekin bat egiteagatik eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokaren protagonista aktiboak izateagatik".
Abascalek gogorarazi duenez, 1997ko herritarren mobilizazioak "terrorismoa gaitzesteko sentimendu sozial jendetsua dira, ETA garaitu genezakeen itxaropenaren hasiera". Alkateak azpimarratu duenez, "memoria berreskuratzeko ariketa egiten jarraituko dugu, errealitate hori belaunaldi berriei hurbiltzeko, berriro gerta ez dadin".
"Gure seme-alabek eta bilobek demokraziaren balioa kontuan izatea nahi dugu, gure eskubideak eta askatasunak babesteko eta defendatzeko ezinbesteko tresna den aldetik; izan ere, bakea, askatasuna eta aniztasunarekiko errespetua ez daude bermatuta, eta haien alde lan egitea eskatzen dute, ziurgabetasuna, larritasuna, ezjakintasuna edo beldurra manipulatzeak sortzen dituen arriskuen aurrean", adierazi du.
Ekitaldia amaitzeko, larrosa gorriekin lore-eskaintza egin da bi biktimen omenez.
Lotutako albisteak
Produktuak martxoaren 9tik 12ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 14an Eibarren
‘Gizarte justu, aske eta demokratiko baten funtsezko eskubidea eta zutabea da' Beatriz Gamizentzat
Udalak bigarren hitzarmena sinatu du gaur UNICEFekin 2026-2029 aldirako