Markos Gimenoren "101 letrakartel", Ezekiel Etxebarria sariaren irabazlea

11.04.25
Euskara
Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da

Markos Gimenoren 101 letrakartel idazlanak jasoko du aurtengo XVII Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria, azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan baita.

Saritutako lan honetan, Markos Gimenok utzitako lanetatik, Joseba Sarrionandiak idazleak aukeratutako 101 palindromoen interpretazio grafikoa biltzen da. Liburua, beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazioa da eta horri esker Markos Gimenoren obrarako hurbilpen sakona eskaintzen du.

Markos Gimeno Vesga oso ezaguna zen Ermuan eta gure inguruan. 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan, eta bere bizitza sorkuntzara bideratu zuten. Musika alorrean, The Pepes, Julio Kageta, Dantzut eta, azkenik, PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeetako partaidea izan zen, baxua eta ahotsa. Antzerkia ere egin zuen, Juanma Rodriguezekin batera, Hipo y Condrias y Macho-Maris. Markos Gimenoren bizitza eta obra oso interesgarriak dira zentzu askotan, eta denok ezagutu beharko genuke. Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, eta burmuinarentzako joko bat. Gainera, euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaitu.

Sari honek idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurlea eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita. Oraingo honetan, ekitaldia liburutegiko Irakurketa Klubaren baitan izango da, Lobiano Kultur Gunean, apirilaren 14an 20:00etan. Bertan Joseba Sarrionandia idazlea izango dugu eta aukera izango dugu berarekin Markosen inguruko pasarteak konpartitzeko.

Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria duela hamazazpi urte sortu zen eta orain artean Jon Maia, Karmele Jaio eta Kirmen Uribe (bi bider), Irati Jiménez, Katixa Agirre, Antton Irusta, Eskarne Mujika, Ladrón Arana, Jasone Osoro, Marc Armspach "Marko", Amets Arzallus/Ibrahima Balde, Esther Lopez Epelde, Fernando Morillo eta Jon Arretxe izan dira saridunak. Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu.

Lotutako albisteak

Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago
Imagen
11.04.25
Markos Gimenoren "101 letrakartel", Ezekiel Etxebarria sariaren irabazlea

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da
Imagen
04.04.25
Euskaraldia ekimenaren laugarren edizio maiatzean izango

Maiatzaren 15etik 25era bitartean euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzeko konpromisoa