Palestinako herriaren 'genozidioa' salatzeko manifestazioa deitu dute

'Ermua Palestinarekin' ekimenak beste manifestazioa deitu du ostiral honetarako (urtarrilak 12rako), Israelgo armadak Gazan herri palestinarrarekin genozidioa egiten jarraitzen duela salatzeko, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Orbe Kardinalaren plazatik.
Oharraren arabera, "hiru hilabete bete dira Israel Gaza suntsitzen hasi zenetik, aurrekaririk gabeko erasoaldi militar batean. Denbora horretan 23.000 palestinar baino gehiago hil dira, horietatik %40 haurrak, eta kalkuluen arabera, kopuru horri eraitsitako eraikinen hondakinen azpian desagertutako beste 9.000 pertsona gehitu behar zaizkio. UNRWAren arabera, biztanle guztien %91 beren etxebizitzetatik bota dituzte, eraikin horien erdiak baino gehiago Israelgo misilek eta tankeek eraitsi dituzte. Era guztietako azpiegitura publikoak ere suntsituak izan dira: ospitaleak, eskolak edo meskitak, merezi gabeko zigor batean. Herritarrak hiru hilabete hauetan argindarrik, erregairik, edateko urik eta ia elikagairik gabe bizi dira, eta horrek hondamendi humanitarioa eragin du NBEko agentzien arabera".
"Gure agintariek ez diote Israeli presio neurri bakar bat ere ezarri holokausto hori geldiarazteko, Errusiari zigorrak ezarri zizkiotelarik Ukraina inbaditu eta bi egunera. Hori dela eta, Netanyahuren gobernuak Gazako herri palestinarraren aurkako sarraskia eta garbiketa etnikoa burutzeko erabakia ontzat eman dela uste du", jarraitzen du.
"Nazioarteko komunitateak genozidioaren erantzuleei laguntzen jarraitzen du, alor militarrean, diplomatikoan, politikoan eta komertzialean. Horregatik, "Ermua Palestinarekin" ekimenak uste du beharrezkoa dela holokausto horren salaketa soziala areagotzea eta gure agintariak presionatzea, Israelekin era guztietako harremanak etetea eta zigorrak ezartzea erabaki dezaten, harik eta sarraski hau eten eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatu arte. Era berean, salatu dute ostiral honetan Gipuzkoako Aldundiak Urrezko Domina emango diola CAF enpresari nazioartean egiten duen jarduerengatik, besteak beste, Zisjordanian kolonia israeldarrak harturiko lurrak lotzen dituen trena eraikitzeagatik, palestinarren eskubideei eta nazioarteko legalitateari muzin eginez".
Lotutako albisteak

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude