Premiazko zaion saihesbiderik ez izangatik, Ermuak bere haserrea beste behin erakutsi du

31.03.23
Saihesbidea
Erakundea
Hirigintza
Ehunka lagunek kalera atera eta manifestazioan ibili ziren bart, azpiegitura hirugarrenez aldarrikatzen duen mobilizazioan

Seiehun pertsona inguruk manifestazioa egin zuten atzo Ermuan, Udaltzaingoak emandako estimazioaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiari saihesbidearen proiektua lehenbailehen berrabiarazteko eta Urtia eta Gotondoko poligonoetako trafiko astuna konpontzeko egin beharreko tarteak gauza ditzala eskatzeko. Udalean ordezkari gehien duten eta gobernu taldea osatzen duten PSE-EE-PSOE (7) eta EAJ-PNV (4) alderdiek deitu zuten manifestazio hori, oposizioan dauden EH Bildu (3), Elkarrekin Ermua (2) eta PP (1) partiduen babesik izan gabe, kontra agertu direlako.

Herri barrena egindako ibilaldiak bi kilometro baino gehiago bete zuen eta trafiko astun gehiena jasaten duten kaleak zeharkatu zituen: Hiribilduaren seigarren mendeurrena, Zubiaurre eta Zearkale. Urtiako eta Goitondoko industrialdeetara iristeko eta bertatik irteteko nahitaez igaro behar diren bideak.

Erabateko eta behin betiko konponbidearen zain

Egungo protesta eta mobilizazioak duela hamar urtekoak baino urriagoak ari dira izaten. Saihesbidearen beharrak ez du behera egin, ezta udalerrian dabilen ibilgailuen zirkulazio handiak sortzen dituen arazoak konpontzeko gogoak ere. Hala ere, udal-ordezkaritza duten alderdi politikoen artean bizi izan diren tira-birak eta jarreren polarizazioa eragin desmobilizazio arrazoi izaten ari dira; ahaztu gabe datorren maiatzaren 28an egingo den hauteskunde-deialdiaren faktorea, horrek guztia ukitzen baitu.

Saihesbidearen gaia Bizkaiko Batzar Nagusietan hizpide izango da gaur, Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren Batzordea deituta dagoelako. Bertan, ez-arauzko hiru proposamen aztertuko dira: PSE-EE-PSOEko batzarkide-taldearena, EAJ-PNV taldearena eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek batera aurkeztutakoa. Testu horiek guztiek Ermuan bizi den trafiko handia eta saihesbidearen beharra azpimarratzen dute.

Sozialistek Urtiako fasearen proiektua idazteko aurreikusitako 32 hilabeteko epea murriztea eskatu dute, baita Mendebaldeko saihesbide osoa eraikitzeko konpromisoa ere, kronograma eta aurrekontu-zuzkidura batekin. Jeltzaleek proiektuaren tramitazioarekin aurrera jarraitzeko eskatu dute, Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialean (LAP) ezartzen den bezala, Urtia eta Goitondo eraikitzeko proiektuaren idazketarekin aurrera egiteko.

EH Bildukoek eta Elkarrekin Podemosekoek, berriz, eskatu dute data zehatzen konpromiso publikoa hartzea saihesbide osoa amaitzeko, Urtiako fasearen hasiera, proiektua eguneratzen den heinean, eta Goitondoren hasiera, ahalik eta lasterren.

Hitzez hitzeko testuak Batzar Nagusien webgunean dituzue, guk bakoitzera iristeko lotura utzi dizuegularik. Dokumentu bakoitza leiho edo bisore batean agertzen da, dokumentuaren ikonoaren gainean klik egin behar delarik hori irekitzeko.

 

Lotutako albisteak

Imagen
22.04.24
Europako hauteskundeetarako hautesle-erroldaren zerrendak gaurtik datorren astelehenera arte ikusgai

Apirilaren 22tik 29 bitarteko astean. Telematikoki INEn; Abiapuntura joanda edo telefonoz deituta
Imagen
22.04.24
EAJ/PNV nagusitu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Ermuan

Abstentzioa %37,66koa izan da, aurreko hauteskundeetan baino hamabi puntu baxuagoa (%49,39)
Imagen
18.04.24
Kuba eta Kataluniatik etorritako teknikariek Izarra Centre eta sustapen arloko estrategia ezagutu dituzte

Habanako Historialariaren Bulegoko eta 'Redessa' udal-enpresako langileek lan-bilerak egin dituzte