Ermuak zonalde tentsionatua izendatzeko eskatu du, herritarren etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko
Ermuko Udalak udalerri osoa etxebizitza-merkatuaren eremu tentsiodun izendatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eskaera irailaren 30ean aurkeztu zen eta datozen hiru urteetarako 18 neurriko ekintza-plan batekin batera aurkeztu da. Helburua etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko tresna gehiago izatea da.
Rosi Cid Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, «Ermuan bizi nahi dutenek ordaindu dezaketen prezioan egin ahal izatea nahi dugu. Bereziki kezkatzen gaitu emantzipatu nahi duten gazteen egoerak, baita alokairuari aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonena ere. Eskaera honekin, behar horri erantzuteko urrats bat eman dugu».
Eskaerarekin batera aurkeztutako datuek udalerrian alokairuaren kostuak izan duen igoera erakusten dute. 2018 eta 2023 artean, batez besteko alokairu-errenta %20,6 igo zen eta igoera horrek eremu tentsiodun izendapena eskatzeko ezarritako atalasea gainditzen du. Egoera hori 2025eko apirilean Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako txostenean ere jasota zegoen.
Babestutako etxebizitzen eskariak ere alokairuko eskaintza handitzeko beharra erakusten du. 2025ean, Ermuan erroldatutako 468 pertsona zeuden Etxebiden izena emanda, eta eskaera-espedienteen %85,7 alokairu-erregimenari zegokion.
Alokairuko etxebizitza gehiago eta prezio eskuragarriagoan
Eskaerarekin batera, Ermuko etxebizitza-egoeraren diagnostikoa eta 18 neurriko ekintza-plana aurkeztu dira. Besteak beste, babestutako etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza handitzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatuan jartzea sustatzea eta dauden eraikinen birgaitzea bultzatzea jasotzen du planak.
Planak, halaber, etxebizitzen erabilera sustatzeko zerga-neurriak eta eskuragarri dauden laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza hobetzeko ekintzak aurreikusten ditu. Baliabide horiek behar dituzten pertsonengana iristea da helburua, bereziki gazteen emantzipazioa eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak kontuan hartuta.
«Badakigu etxebizitzaren arazoa ezin dela neurri bakar batekin konpondu. Horregatik, eskaera honekin batera plan bat aurkeztu dugu, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko eta dagoeneko badauden etxebizitzei etekin hobea ateratzeko. Gure konpromisoa Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egitea da, ekintza hauek gure bizilagunentzat benetako aukera bihur daitezen», adierazi du Rosi Cidek.
Eskaerak izapidetze-prozesua abiarazten du
Eskaera aurkezteak administrazio-prozedura abiarazten du, baina Ermua oraindik ez da etxebizitza-merkatuaren eremu tentsiodun izendatu. Eusko Jaurlaritzak dokumentazioa aztertu eta espedientea izapidetu beharko du. Prozesu horretan, alegazioak aurkezteko jendaurreko informazio-aldia egingo da, eta, ondoren, izendapenari buruzko ebazpena emango da.
Lotutako albisteak
Parte-hartze saioak urriaren 7an eta 13an egingo dira, 17:00etan, Jubilatuen Etxean