Urko eta Mantxibar-Oterren etorkizuna erabakitzeko herritarrek parte hartzeko epe berri bat ireki da

23.09.26
Herritarren Parte-hartzea, Gardentasuna eta Kalitatea
Hirigintza

Ermuko Udalak aurrera jarraitzen du Urko Mendiko eta Mantxibar-Oterreko Plan Berezien lanketekin. Honetarako, bi gune natural horietarako planteatutako alternatibak herritarrei ezagutzera emateko informazio-saio bat antolatu du urriaren 5ean Lobiano Jauregian.

Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean egindako lehen informazio-saioen ondoren, eta lehen fase hartan jasotako ekarpenak aztertu ondoren, Udalak bi planak lantzen jarraitu du.

Orain, prozesuak beste pauso bat emango du espazio horietako planteatzen diren alternatibak jasotzen dituzten aurrerapen-dokumentuak aurkeztuz. Honela, herritarrek informazio eta diagnostikoko dokumentuak eta aztertzen ari diren proposamenak kontsultatu eta ekarpenak egin ahal izango dituzte urriaren 16ra arte.

Bi espazio natural, bi helburu desberdin

Urko eta Mantxibar-Oterre elkarrengandik hurbil dauden bi gune izan arren, bakoitzak bere ezaugarri eta behar propioak ditu.

Urko mendiaren kasuan, Plan Bereziaren helburu nagusia ingurune horretako balio naturalak zaintzea, kontserbatzea eta indartzea da.

Mantxibar-Oterreko Plan Bereziaren helburua, ordea, naturagune horri balioa ematea eta sarbidea arautzea da, herritarrek Ermuko eta inguruko birika berde garrantzitsu horretaz goza dezaten.

Rosa Cid Hirigintzako zinegotziak prozesuaren fase berri honetan herritarrek parte hartzearen garrantzia azpimarratu du:

«Urko eta Mantxibar-Oterre oso gune natural garrantzitsuak dira Ermuarentzat, eta haien etorkizuna gure bizilagunen iritziaren arabera eraiki nahi dugu. Planak landu ditugu eta, orain, alternatibak partekatu nahi ditugu, herritarren proposamenak entzun eta haien ekarpenak jasotzeko. Ingurune horiek babestea eta balioan jartzea da helburua, haien kontserbazioaren eta pertsona guztien gozamenaren arteko oreka bilatuz. Horregatik, herritarrak parte hartzera eta espazio horiek etorkizunean nolakoak izatea nahi dugun definitzen laguntzera animatzen ditugu».

Aukera ezberdinak ezagutzeko informazio-saioa          

Planaren edukia herritar guztiei hurbiltzeko eta ulertzeko asmoz, Udalak jendaurreko informazio-saio berri bat antolatu du.

Hitzaldia datorren astelehenean, urriaren 5ean, izango da, 18:00etan, Lobiano Jauregiko ikus-entzunezko aretoan.

Bertan aurrerapen dokumentuen edukia azalduko da, Urko eta Mantxibar-Oterrerentzat planteatutako alternatibak aurkeztuko dira eta bertaratutakoen artean sor daitezkeen zalantzak argituko dira.

Saio honi esker, herritarrek lehen eskutik ezagutu ahalko dute orain arte egindako lana eta honek informazio gehiago izatea ahalbidetuko die iradokizunak eta ekarpenak aurkeztu ahal izateko.

Nola parte har dezakete herritarrek?

Udalak hainbat bide ahalbidetuko ditu interesa duten guztiek beren iritziak eta proposamenak helaraz ditzaten:

• Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formulario baten bidez, herritarren iritziak jasotzeko galdetegi bat erantzunez.

• Posta elektronikoz, ekarpenak ekarpenak@ermua.eus helbidera bidaliz.

• Aurrez aurre, Abiapuntuko bulegoan.

Ekarpenak aurkezteko epea 2026ko urriaren 16ra arte egongo da zabalik.

Udalak fase berri honetan parte hartzeko deia egin nahi die Ermuko bizilagunei, planteatzen diren alternatibak ezagutu ditzaten eta udalerriarentzat oso garrantzitsuak diren bi naturagune babestu, zaindu eta hobetuko dituzten ideiak partekatu ditzaten.