Gomendio orokorrak

Iragarpenen eguneratzeak Euskalmeten eta Twitterren bidez jarraitzea gomendatzen da, @Euskalmet eta @ 112_SOSDeiak sareetan. Informazio eguneratua Larrialdiak 112 zerbitzuan.

Basoko suteak

Prebentzio neurriak

  • Seguru asko zure Lurraldeko agintariek sua egitea debekatu dute, eta ez dute baimenik emango uztondorik edo bazkarik erretzeko, ezta barbakoarik edo suterik egiteko ere (horretarako prestatutako eremuetan ere ez). Sute-arriskua oso handia denean, txinpartarik edo sugarrik txikienak ere hondamena eragin dezake. Kontsulta ezazu.
  • Dena den, agintarien iritziz sute-arriskua ertaina, handia edo oso handia denean, debekaturik dago mendian sua piztea. Haizea badabil, edo ura hurbil ez baduzu ere, ez piztu surik.
  • Onena mendian surik ez piztea da, baina baimenduta badago, lur garbian eta toki ireki batean egin ezazu, eta suaren inguruan harriak jarri. Ondo itzal ezazu, ura bota eta lurrarekin estali.
  • Ez bota pospolorik edo zigarro-mutxikinik, ezta paperik, plastikorik, beirarik edo sua sorrarazi dezakeen bestelako hondarrik edo material erregarririk ere.
  • Baso-lurretan ez erabili sasi-garbitzeko makinarik, motozerrarik, soldadura-talderik, disko-makinarik edo erradialik.
  • Sute-arriskua dagoen garaietan, mendian sartzeko ona izango litzateke lurra, komunikazio-bideak eta ordezko bideak ondo ezagutzea, eta beti ikuspen handiko lekuetatik ibiltzea. Mendi-ibiliak egiteko, batez ere umeekin edo pertsona nagusiekin bazoaz, seinalatuta dauden bideetatik ibili.

Baso-suteren batean bazaude:

  • Sute bat ikusten baduzu, deitu beti larrialdietarako 112 telefonora.
  • Suaren norabideari erreparatu eta ihes-bidea aurrez ikusi.
  • Su-puntua txikia bada, saia zaitez itzaltzen adarrekin, ura botata edo lurrez estalita.
  • Ezin baduzu itzali, ez zaitez goraka joan, alde egin alboetatik maldan behera eta beti haizearen kontra.
  • Lasai egon, ez korrika egin, eta zapaltzen duzun lurrean arreta jarri.
  • Ahal baduzu, joan zaitez landaredirik gabeko eremu batera edo jada erreta dagoenera. Ez ihes egin sakonune edo sakanetarantz.
  • Haizearen norabideari eta bere aldaketei erreparatu.
  • Ke-eremuan bazaude, ahoa eta sudurra musuzapi bustiarekin estali. Likido asko edan.
  • Kea edo sua dauden tokiak ez zeharkatu oinez edo ibilgailuz; ondo ikusten ez baduzu, istripu bat izan dezakezu eta.
  • Zalantzarik baduzu, deitu 112 telefonora eta esaten dizutena egin.

Uholdeak

Prebentzio neurriak

  • Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
  • Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Elurra

Prebentzio neurriak

Bidaiatuz gero:

  • Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa aurretik eskatu. Euskalmet-era jo, edota deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011.
  • Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez atera. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Alabaina, bidaiatzea ezinbestekoa baduzu, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, kateak beti eraman, erregai¬tanga bete eta hartu berokiak. Ahal baduzu, telefonoa eraman beti; are gehiago, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu. Neguko pneumatikoak erabiltzea komenigarria da.
  • Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi; batez ere, laiotzean.
  • Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
  • Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin.
  • Izotza dagoen zonaldera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Erabili neguko pneumatikoak eta, pneumatikorik ez baduzu, jarri kateak autoan izotza edo elur gogorra dagoenean edo zirkulazioko agenteek adierazten dutenean.
  • Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egon nahi izanez gero.

Mendira baldin bazoaz:

  • Hobe litzateke mendiko txango eta ibilaldiak bertan batera uztea. Irtenez gero, nondik nora ibiliko zaren esanda utzi.
  • Joan nahi duzun lekurako zer eguraldi-aurreikuspen dauden jakin, eta kontuan hartu ez dela harritzekoa mendian eguraldia bat-batean aldatzea.
  • Eraman ekipamendu eta arropa egokia. Motxilan erretserbako jan-edanak eraman.
  • Aukeratu leku egokia, zure sasoiaren, praktikaren eta lekuaren arabera. Ez eman balio handiegirik zure egoera fisikoari ezta zurekin doazenen egoerari ere ez, batez ere umeak badira.
  • Ahal baduzu ez joan bakarrik, eta ahal izanez gero, eraman telefono mugikorra.
  • Aurrez jakizu aterpe edo bordak non dauden, tenperatura asko jaitsi, ekaitza lehertu edo bestelako arazo meteorologikorik izango balitz ere babestu ahal izateko.

Etxean:

  • Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), ezustekoren bat gerta daiteke eta.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara:

  • Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.
  • Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.

Bero etengabea eta muturreko tenperatura beroak

Bero plana 2022

Prebentzio neurriak

  • Likido asko edan, bereziki ura, deshidrataziorik gerta ez dakizun. Ez itxaron egarri izan arte edaten hasteko. Saiatu ez hartzen alkohol, kafeina edo azukre gehiegi daukaten edaririk.
  • Arin jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta eta abar).
  • Itxi leihoak, eta jaitsi eguzkiak jotako leihoetako pertsianak; bero gutxieneko orduak baliatu etxea haizatu eta freskatzeko.
  • Erabili arropa egokia: zabala, arina eta kolore argikoa eta izerditzen uzten duena, baita oinetako erosoak eta freskoak ere.
  • Ahal baduzu, ez irten kalera bero gehien dagoen orduetan.
  • Atera behar baduzu, estali burua eta betaurreko beltzak erabili; saiatu gerizpean ibiltzen.
  • Ariketa fisikoak kanpoan egin behar badituzu, egizu bero gutxien egiten duen orduetan.
  • Ibilgailua aparkatuta eta itxita dagoela, ez geratu inoiz barruan eta ez utzi ez pertsonarik ez animaliarik, ibilgailua itzaletan badago ere.
  • Arreta handia eduki behar da jaioberriekin eta ume txikiekin, adinakoekin eta beroaren eta deshidratazioaren ondorioz areagotu daitezkeen gaixotasunak dauzkaten pertsonekin, esaterako bihotzeko gaixotasunak.
  • Adinekoek, bereziki etxean bakarrik bizi direnek edo menpekoak direnek, babes neurriak hartzeko zailtasunak eduki ditzakete, hori dela eta, senide batek, lagun batek edo auzokide batek egunero bisita egin behar die, eta beharrezkoa bada, gizarte zerbitzuei laguntza eskatu behar diete.
  • Medikuari kontsulta egin ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak, tenperatura altuekin lotura daukatenak, edukiz gero (ahultasuna, nekaldia, zorabioak, goragaleak, konortea galtzea,...)
  • Sendagaiak leku freskoan jarri, beroak bere konposizioa eta efektua alda baitezake.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Norbaitek intsolazioa izan badu (azal gorrixka, beroa eta lehorra; pultsu azkarra, buruko min handia) eraman leku fresko batera, estali burua eta besapeak bustitako konpresa hotzekin, bikarbonatoa duen ur gatzatua eman edateko.
  • Konorterik gabe dagoela gonbitoak botatzen baditu, jar iezaiozu burua alde batera eta mantendu arnas bideak libre.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Muturreko tenperatura hotzak eta izotza

Prebentzio neurriak

  • Ondo jantzita ibili, batez ere, kanpora irten behar baduzu. Bereziki, eskuak eta burua babestu; jantzi oinetako egokiak eta ahoa estali arnasa hartzean aire hotzegia ez arnasteko.
  • Erregaien erreserba hobetze aldera, ez berotu etxe osoa; hobe da gelak ixtea eta soilik behar den lekuetan jartzea berogailua.
  • Kontu izan berogailu lagungarri, sutontzi edo estufekin, ezustekoren bat gerta daiteke-eta.

Bidaiatzekotan:

  • Eskatu informazioa abiatu aurretik, jakiteko bideak nola dauden eta eguraldiak zer egingo duen. Euskalmet-era jo, edota deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011
  • Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez ateratzea. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Alabaina, ezinbestekoa baduzu bidaiatzea, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, hartu kateak, erregai-tanga beteta eraman eta ez ahaztu berokiak. Ahal baduzu, eskuko telefonoa eraman beti; bereziki, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu.
  • Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi beti, batez ere, laiotzean.
  • Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
  • Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin, eta martxa laburretan ibili.
  • Izoztuta dagoen zati batera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Izotza edo elur gogorra topatuz gero jarri kateak, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean.
  • Irrati oso lagungarria izan daiteke, une oro ondo informatuta egoteko.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Norbait larri hoztuta geratu bada edo hipotermiak jota, hona hemen oinarrizko aholku batzuk, laguntza iritsi bitarterako:

  • Saiatu biktima berotzen, baina ez bat-batean, baizik apurka.
  • Gehien hoztuta dituen zatiak leun-leun mugiarazi, masajeak emanez, izozte-sintoma garbirik ez badauka behintzat.
  • Ez eman inoiz alkoholik edateko. Salda, infusioak eta halakoak eman.
  • Babak baldin badauzka, inolaz ere ez ziztatu.

Ibilgailua geratzen bada:

  • Egon bertan, kotxe barruan.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta berriztatu airea tarteka.
  • Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Denboraldeak

 
  • Ez bainatu urruneko hondartzetan, behar beste ezagutzen ez dituzunetan edo zaintza eta salbamenduko zerbitzurik ez daukaten hondartzetan.
  • Ezta olatu handiak edo tirain handia dagoen lekuetan ere ez.
  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila?).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen.
  • Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Ekaitzak

Prebentzio neurriak

Ekaitz arriskuaren abisua jasoz gero, ez atera mendira edo ur-kirolak egitera.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Funtsean, lur zabalean sortzen da ekaitzek pertsonentzat duten arriskua. Hortaz, ekaitza batek eragindako arrisku egoeraren aurrean mendialdean bazaude, hauxe egitea gomendatzen da:

  • Jaitsi muino, mendixka eta bizkarretatik.
  • Ez jarri aterpe bila zuhaitz bakartien pean.
  • Aldendu alanbre-hesi, hesi eta edonolako gauza metalikotatik. Ez ukitu metalezko ezer.
  • Tximisten arriskua sumatzen baduzu, jarri kukubilko, oinak elkartuta, besoak belaunen gainean gurutzatuta eta sartu burua besoen artean.
  • Bizikletaz bazoaz, bizikleta bertan laga eta alde egin.
  • Ekaitzak arrantzan harrapatzen bazaitu, askatu bertan kanabera.
  • Orobat, golfean ari bazara, urrundu makiletatik.
  • Igerilekuan, errekan edo hondartzan bainatzen ari bazara, irten uretatik berehalakoan.
  • Ez sartu babes bila nahiko sendoak ez diren eraikinetara, edo bihitegi, hangar, estalpe edo kanpin-dendetara.

Gidatzen ari bazara eta bat-batean ekaitza lehertzen bada, gogoan izan, ateak itxita baditu, ibilgailua bera aterpe ona izan daitekeela. Edonola ere, mantsotu, adi-adi egon, eta ez geratu ur asko pasa daitekeen lekuetan.

Gogoan izan, herri barruan ere badago tximista erortzeko arriskurik. Hortaz, kontuan hartu hau:

  • Kalean, eraikinen estalpean jartzea ona izan daiteke deskargetatik babesteko.
  • Kontu izan, adar, kartel edo hormarik ez jausteko gainera.
  • Etxe barruan, saihestu aire-korronteak, tximistak erakartzen dituzte-eta. Horregatik gomendatzen da ateak eta leihoak ixtea, ekaitza badago.
  • Eduki linterna, kandela eta halako argi autonomoak eskura, elektrizitatea eteten bada.
  • Deskarga elektriko handia badago, deskonektatu etxe-tresna elektrikoak eta telebistaren antena, tentsio-gorakadak kaltetzea edota deskarga elektrikorik eragin ez dezaten saihesteko.

Edonola ere, jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Haize zakarra

Prebentzio neurriak

  • Ate, leiho eta toldoak itxi eta ondo tinkatu.
  • Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
  • Aldamio, garabi eta obrako beste elementuak tinkatu.

Kanpoan baldin bazaude:

  • Urrundu erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili egiten ari diren etxeen edo kolokan dauden eraikinen aurretik.

Bidaiatuz gero:

  • Saiatu errepidez ez bidaiatzen, bestela, kontu handiz jokatu beti.
  • Aurretik, jakinaren gainean egon zer-nolako eguraldia izango den zu zoazen leku horretan edo pasako dituzun lekuetan.

Itsas ondoan bazabiltza:

  • Urrundu hondartzatik eta haize handiaren eraginez sor daitezkeen marea eta olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik.
  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Inola ere ez, ez egin uretako kirolik.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Imagen
Imagen

 

Lotutako albisteak

Imagen
11.06.24
Betiondoko aparkaleku berria jada zabalik

148 plaza ditu, horietako bi minusbaliatuentzat. Jada ez dugu aparkatu bidearen erreian, zirkulazioa noranzko bikoitza berreskuratu duelako
Imagen
31.05.24
3,5 tonatik gorako trafiko astuna mugatuta dago Ermuko BI-3344 errepideann

Udaltzaingoak Udalbatzak erabakitako debekuaren berri eman du eta 24 salaketa jarri ditu
Imagen
17.04.24
Ermuan indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batzuen ustezko egilea inputatu dute

35 urteko emakume bat epailearen esku utzi dute, hainbat lapurretan lortutako ondasunak gordeta edukitzeagatik