San Pelaio jaietan
San Pelaio auzoa jaietan dago. Eta jai giroa nonahi igartzen da. Antolatzaileek asteko aurreko lanegunetan egitarauan jasotako kirol txapelketa eta jokoak gauzatu dituzte, astelehenean hasi eta atzora arte. Partehartzea eta giroa handiak izan dira. Atariko egun horiek batez ere umeei dedikaturik egon dira eta gaurtik hasi eta igandera bitarteko hiru egun nagusiei bide emango diete. Gaur ekitaldiei hasiera emango zaio landare lehiaketa batekin. Ondoren, auzoko patroiari lore eskaintza egingo zaio, bere kaperan bertan. Arratsaldean, joko eta jolas gehiago izango dira eta zaldiko-maldikoak ofizialki zabalduko dira. Iluntzean sardinak banatuko zaizkie nahi duten auzotarrei eta gaueko hamar eta erdietan ‘identidad oculta’ izeneko rock taldeak joaldia emango du, plazan bertan.
Bihartik aurrera, jarduera kopurua izugarri biderkatuko da, egun osoa eta gaueko parte bat betetzera arte. Egitarauari hasiera emango zaio goizeko 11etan eta jarduna ez da amaituko gaueko txokolate jana eta ‘Iman’ taldeak girotuko duen dantzaldia goizaldean bukatu arte. Ekintza zehatz bakoitza eta bere ordutegiaren berri jakiteko ikus San Pelaioko jai batzordeak argitaratu duen foiletoa edo begiratu batzordeak interneten esekita duen ondorengo helbide elektronikoan :
http://spaces.msn.com/members/sanpelayo/.
Santuaren imajina aurkezteko ekitaldia
Ezbairik gabe, aurtengo urteko ekitaldirik nagusienetakoa San Pelaio imajinaren aurkezpena izango da, osorik berriztatu eta gero. Jendearen aurreko aurkezpena igandean egingo da, auzoko parkean, goizeko hamabi eta erdietatik aurrera. Irudiari aurreskua dantzatuko zaio ongietorria emateko, tailerrean eman baititu azken hamaika hilabeteak. Jarraian, imajina kaperara bueltatuko da berriz eta bertan meza emango da. Elizkizuna amaitu eta gero, kapera zabalik utziko da nahi duenak bisita dezan.
San Pelaio santua gurtzen duen irudia egurrean zizelkatutako pieza da, gutxi gorabehera XVII. mendearen hasieran kokatzen dena, hau da, Espainiako goi errenazimenduaren garaian. Bere autorea nor izan zen ez dugu ezagutzen. 125 cm-ko altuera du lurretik hasi eta eskuan daraman lumaraino neurtuta. 26 kilo eta 300 gramo pisatzen ditu. Berriztatze prozesua ‘El Baúl’ dendan egin da; Mari Carmen ugazabak zuzentzen duen eskulan eta dekorazio dendan. Irudia berreskuratzen jardun duena, David Pavo gaztea izan da, jai batzordeko kidea dena. 18 urteko gazte honek Gaizka izenez deitzea eta artistikoki horrela ezagutaraztea gustatzen zaio. Mutil honek Batxilergo Artistikoko ikasketak amaitu berri ditu Eibarko institutuan eta datorren ikasturtean Arte Ederrak hasi nahi ditu unibertsitatean. Zaharberritze berregitea bat egin izan dute prozesuaren zehar hainbat aldiz, irudia kalte ugari zituelako eta hainbat gauza errekuperatu beharrean berregin egin zaizkio. Urteak, eguraldiaren eragina eta intsektuak arrasto sakona utzi izan dute San Pelaioren irudi horretan. Egun garbitu eta saneatu ondoren, bere irudirik ederra erakusten du, jatorrizko kolore eta ezaugarriak berreskuratu eta gero. Hemendik aurrera, santuaren imajina kristalezko kutxa baten barnean gorde eta babestuko da, gure oinordeei ere ailega diezaien.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu