Afrikaren beharra dugu
Afrika gertuago dago Euskal Herritik Alemania baino. Eta are gertuago oraindik, Britainia Handia, EEBBak edo Argentina baino. Hortxe dugu, ondo-ondoan, itsasartearen bestaldean. Baina zer dakigu Afrikaz? Ezer gutxi. Askorentzat ikusgaitza da kontinentea, alde batera utzitakoa; ezezaguna…Egoera negatibo horri buelta emateko eta kontinentea hobeto ezagutzeko herriko Gobernuz Kanpoko Garapen Erakundeek Mali eta Afrikari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte. GKEak ondokoak dira: Egoarbitza Misio Taldea, Komite Internazionalista, Cáritas, Huancavavelicaren Lagunak, Ayuda en Acción, Sahararekiko Elkartasun Plataforma eta Urko Punta. Jardunaldietan herriko ikastetxeek, Mudo Drogot taldeak, Emakumearen Topaguneak eta liburutegiak ere lagundu dute. Jardunaldioi hasiera emango zaie bihar filma baten proiekzioaz eta hamar egun barru bukatuko, abenduaren 23ko igandean. Jardunaldien egitarauak aurreikusita ditu filmak, bertakoen hitzaldi eta testigantzak, mintegiak, artisautzako produktuen eta liburuen erakusketa, musika eta merkataritza azoka.
Afrikak agundu diezaguke ateratzen gure baitan bildurik egotetik
Hainbeste gauza on eta txar gertatzen da lurralde hartan, interesgarriak eta itxaropentsuak edo triste eta etsigarriak. Onartu behar dugu ezer gutxi dakigula Afrikaz, eta dakigun horri kontinentea katastrofe eta miseria irudi batera murrizten duen klixe negatibo bati erantzuten diola. Afrikari buruzko ideia bateratua daukagu eta ahaztu egiten zaigu bere aniztasuna eta lehenengo munduaren ongizatearen ordainean pairatzen dituen injustizien tamaina. Afrikarekiko dugun harremana, daukagunean, aberatsengandik pobrearenganako laguntza-mentatitate batean oinarritzen da (gure kontzientzia arazoak baretzeko), non ez den kooperaziorako edo elkar-ikasteko aukerarik sortzen. Edozein modutan, zergatik erakutsi beharko genuke Afrikarekiko interes berezi bat? Nagusiki arrazoi batengatik: aberatsago izateko.Afrikak geure barnetik aterarazteko eta “besteari”, “besteei” “beste horri” irekiarazteko ahalmena du.
Pertsona edo gizarte aberatsagoa izan gaitezke, umiltasuna oinarri hartuta
Afrika beste errealitatea da, gurearen bestaldea, atzekoa. Gure mundu aberats, buruaski, eta burugin honetan, bere baitan itxita eta poz iragankor eta kimerikoei lotuta dagoen honetan, paradoxikoki, gero eta pobreak gara. Geure baitatik ateratzeko ezintasunak pobreago egiten gaitu. Eta, paradoxikoki, Afrikak geure burbuilatik ateratzeko eta pertsona nahiz gizarte bezala aberatsago izateko aukera eskaintzen digu, Afrikarekiko begirada umila izanik beti ere. Afrikari irekitzea inguratzen gaituen errealitate anitza, bizi garen mundu kontraesankor eta giza duintasunaren etika ulertzeko aukera bat da.
Egitarau osoa beheko informazio gehiago atalaren bidez loturik eskaintzen dugu, pdf formatuan.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 19tik 30era bozkatu ahal izango ditugu bideragarriak diren 31 proposamenak, behin betiko zerrenda zehazteko

Egitaraua hasita dago eta jarduera gehienak datorren asteburuan izango dira

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera