Ikasturte honetan Berbalagunek eskaintza aparta du!
Astean behin ordu betez, beren berez, euskaraz hitz egin eta erabiltzeko gogo handiz biltzen diren Berbalagunkideek urte honetarako "menua" prestatu dute. Menu gozoa, aparta eta orotarikoa! Badira ohikoak diren txikiteokide, sagardotegia, tribial txapelketa, afariak eta iaz egin ez, baina orain dela bi urte egindako "Ermua ezagutuz" bisita gidatua berreskuratu dute, ekimen bitxia, herriko kaleen barrena pasiatuz eta bertako nagusien ahotan gure herriak izan dituen aldaketak eta gordetzen dituen harribitxiak ikusteko aukera emago baitigu. Baina, hauek hasierakoak besterik ez dira, hilez hil, hainbat ikastaro prestatu baitituzte: batzuk, gozogintzakoa esaterako, dagoeneko martxan dagoena, baina beste batzuk hurrengo hiletan burutu beharrekoak, erreflexeologia, barne dekorazioa, eskulanak, masaia ikastaroa, ile apaintzailetza, sabel dantza, eta abar...
Ekimen honen benetako erregaia, euskaraz eginez aritzen diren 57 berbalagunkideak dira. Hauek astean behin biltzen dira eta bederatzi taldeetan banaturik daude: hiru talde astelehenetan (bi 18:00etan eta bat 18:30ean), bi astearteetan (17:00etan eta 19:00etan), bi ostegunetan (16:00etan eta 19:30ean) eta beste bi ostiraletan (10:00etan eta 19:00etan). Antolatzaileok gogoratu nahi die herritarroi egitasmo hau doakoa dela eta parte hartu nahi izanez gero, Kaltxango AEK, Udal Euskaltegira, Euskal Birusaren Elexoste egoitzara edota Euskara Sailera jotzea besterik ez dago. Emailez harremanetan jartzea ere badago: ermua_berba@aek.org edota telefonoz (639 414 205).
Argibide gehiagorako, jo beherago dagoen informazio gehiagoko lasterbidera.
Lotutako albisteak

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte