-Gose- taldeak doako kontzertua emango du plazan
‘Gose’ musika taldeak kontzertua eskainiko du bihar gaueko hamaiketatik aurrera, Orbe Kardinalaren plazan. Ikuskizuna udal kultura sailak antolatu du eta aurtengo Inauterietako egitarauaren barne txertatzen da. Emanaldia doakoa izango da. Kontzertuak ikusmina piztu du Durangaldea nahiz Debabarreneko eskualdean. Aurtengo edizioari amaiera emango dioen ekitaldia da, ahogozoz bukatzeko festa. Hirukote ezagun honetaz ezer gutxi berri dago esaterik, musikaren munduan tartea egin baitute beren estilo eta ezaugarriekin. Jarraian, Ritxi Aizpuruk idatzitako testuaren zati batzuk jasotzen ditugu, taldearen web-gune ofizialetik hartutakoak.
Gose taldearen ibilbideari buruzko hainbat datu
“Gose taldeak Arrasateko hiruko bat izaten jarraitzen du. Ines Osinaga (ahotsa eta trikia, Ekon taldean ibilitakoa), Iñaki Bengoa (sekuentziak eta programazioak, Bad f-Line taldekoa, besteak beste) eta Osoron (gitarra eta baxua, Des-Kontrol taldekide ohia, eta Gatillazo taldeko gitarra-jotzailea). Gose taldeak 2004an ekin zion bere ibilbide isilari musika ideiak adosten. 2007ko maiatzean Osoron arrasatearra Tadeos-en ordez sartu zen. Oso talde mediatikoa bihurtu da Gose (Eutsi! filmeko kantu nagusia egin zuten, Carlinhos Brown abeslariaren disko berriaren aurkezpen-kontzertuetan jo zuten hirutan, EITBren Bilboko etxe berriaren inaugurazio-jaian jo zuten…). Gauza txiki asko denbora laburrean. Gauza txiki horiek talde sendo eta handi bat egiten ari dira. Gose taldeak trikiaren kontzeptu berri batean du oinarria, ohikoak ez dituen tresna-lagunekin nahastuz eta emaitza desberdinak lortuz. Gose taldeak trikia eta elektronika batzen ditu.
Gose taldearen bigarren diskoak lehenaren bidea urratu eta sendotu baino ez du egiten. Diskoa Arrasateko Shot! estudioan grabatu da 2007ko iraila eta urrian bitartean. Grabazioaz Gose arduratu da eta masterra egiteaz aldiz Chris Lewis. Bigarren emaitza zirrara berri batek bultzatutako lana da. Gose taldeari gauza asko gertatu zaizkio, Gose taldeak gauza asko sorrarazi ditu eta bigarren diskoak horren isla du. Melodiak burutzeko erraztasuna, abestiak egiteko ohitura, elektronikaren eta euskal kulturaren uztarketak, trikitixaren herrikoitasuna aitzaki hartuta, ematen dien plazera, baina dena goitik behera iraultzeko. Kantuaren dotorezian pentsatzen du, tradizioarekin apurtu egin nahi du, estrategiak batu, serio ekin eta infinituki hausnartu. Diskoa entzutean berriro entzuteko gosea eragiten dizu, gehiago eskatzen duzu, Gose osoa gura duzu.
Gose taldeak trikitia eta elektronika batuz giro beroak, gordinak, goxoak, dantza kutsukoak sortzen ditu. Hots, word-music, bosa-nova, glam soinuak, rapa, rocka, punka eta euskal dantza solteko ukituak. Pare bat bitxikeria: Hertzainak taldearen “Hil ezazu aita” abestiaren bertsio indartsua, eta, bilduma amaitzeko, lehen diskoa ixten zuen sehaska kantuaren bertsio berria. Laguntzaileen zerrendan: Jose Izkue (El Desván del Macho), Maixa Lizarribar, Ricardo Altuna, Evaristo Paramos, Txema Arzamendi… Gose taldearen bigarren diskoak ez du izenbururik. Lehenak ere ez zeraman izenbururik, baina hemendik aurrera lehena disko beltza bezala ezagutuko da beltza zelako azaleko kolore nagusia. Bigarrenari, ordea, disko zuria esango zaio arrazoi berberagatik, azal zuria duelako. Zenbat argitasun eman behar lehena eta bigarrena desberdintzeko. Biak ala biak Gose izango dira beti. Diskoaren azal zuria irudi ebakigarriek ilustratzen dute.”(sic)
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude