Ingurumenak Ermuan ura murrizteko xedea duen kanpaina hasiko du
Ermuko Udaleko Ingurumen Sailak kanpaina bat antolatu du gure etxeetan edateko uraren kontsumoa murriztu dezagun. Kanpainaren leloa Aurreztu ura! da eta herri mailan zein mundu mailan ur-kontsumoaren arazoaren inguruko herritarren kezkarekin bat egiteko xedea du. Kanpaina horren barne, datorren astelehenetik aurrera plastiko zurrunez eginiko 1000 poltsa malgu banatuko dira herritarren artean, Abiapuntu bulegoan eta udal liburutegian. Poltsa horien urez betetzekoak eta komuneko tangetan sartzekoak dira, horrela komuna erabiltzen dugun bakoitzean litro erdi ur gutxiago gastatuko dugu, horrek suposatuko duen aurrezkiarekin.
Ura etxean kontsumitzen dugun baliabide natural urria da, horregatik da garrantzitsua alferrik ez galtzea eta behar bezala erabiltzea. Etxean kalitatezko ura edukitzeko energia kontsumitu beharra dago, bai eta erabili ondoren kutsatutako ura garbitzeko ere. Eraginkorragoak izanik, uraren kontsumoa murriztu ezkero ingurumena zaintzen lagunduko dugu, energia-gastua murrizteaz batera kutsatzaile gutxiago aireratuko dugulako.
Ur murrizketa Udalaren Tokiko Agenda 21eko helburuetako bat da
Gogorazten dugu ura premiazko ondasuna izan arren, ezberdin banatzen dela planetan zehar. Milioika pertsonek ez daukate kalitatezko ur-hornidurarik, eta horrek arazo larriak sortzen dizkie osasunean. Horregatik, ura kontsumitzean eraginkorrago izatea elkartasun-adierazpen bat da kaltetuekiko.
Gai honekin lotuta herritarrak lehenengo pausoak ematera animatzeko eta Ermuko Udalaren Tokiko Agenda 21 delakotik martxan jarritako beste ekimen batzuk finkatzeko, edukiera-murriztaileak emango zaizkie nahi duten herritarrei, komuneko tangan jarri eta ur-kontsumoa murriztu ahal izateko.
Edukiera-murritzaile horiek Abiapuntu bulegoan eta liburutegian emango dira
Plastikozko poltsa malgu horiek, urez bete, koilarakada bat gatz bota eta komuneko tangan jarri beharrekoak dira. Gailu honen funtzioa tanga-edukieraren zati bat betetzea da, eta horixe izango da aurreztuko den ur kopurua: 1,5 litro tangaren ur-hustuketa bakoitzeko.
Zenbaiten iritziz ur-murriztaile hauek instalatuta, etxean erabilitako ur guztiaren %12ra arte aurreztu daiteke, ingurumen-aurrezkia ez ezik diru-aurrezkia ere suposatzen duelarik.
Kanpainak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du
Ura aurrezteko gailuek datorren astelehenetik aurrera banatuko dira herritarren arretarako Abiapuntu bulegoan eta udal liburutegian. Gailu bat emango da pertsonako, baina NANa erakutsi beharko du eskatzaileak. Lehen fase honetarako 1000 unitate ditugu, beraz, banaketa, kopuru hori agortu arte egingo da.
Kanpaina hau, Ermuko Tokiko Agenda 21 delakoaren ekintza planaren 5. ildo estrategikoan kokaturikoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren diru-laguntzarekin gauzatuko da.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko