Jokin Uriartek irabazi du 'Urko 69tan ezetz' lehenengo mendi igoera kronometratua
Larunbatean jokatu zen lehendabizi Urko mendira -69 minutu neurtuetan igotzeko proba: Urko-69tan ezetz! Irabazle eta probako txapeldun Jokin Uriarte gaztea izan zen, ordu bete, bederatzi minutu eta segundo batzuek behar izan zituelako bidea egiteko. Txapeldunak izen-emateengatik bildutako dirua, hori gordetzen zuen itsulapikoa, txanpan botila eta mendiko txapeldunaren bisera puntu gorriduna jaso zituen. Artarrai taldearen ekimenak gauza on ugari lortu zituen: giro aparta, kiroltasuna eta mendizaleen erantzun ezin hobea. Hori horrela, seguruenik proba errotu eta hurrengo urteetan ere gauzatuko da.
Estreinako edizio hau aparta eta oso arrakastatsua suertatu da. Artarrai mendi taldeak asmatu egin du, bai horixe, mendizaletasuna horrela sustatzen baita. Mendira joateko eguraldi ezin hobeak lagundurik 10:00etan 68 lagun Urko gainera abiatu ziren erritmo kontrolatuan, bai ze partaideek aldez aurretik ondo baino hobeto neurtua baitzuten norberak gailurreraino ematen duen denbora, astean zehar Urkorako bideak izan duen ez-ohiko jendetza horren erakusle eta egia esan, entrenamendu horiek alperrikoak ez dira izan.
Antolatzaileen arabera, 69ak emateko 10 minutu falta zirela oraindik puntara igotzen ez zen inor ikusten, eta denbora-muga hurbildu ahala hasi ziren lehengoak agertzen. 14 lagun tontorrera heldu eta erlojuak 69a oraindik jo barik, 15.a izan zen saria eskuratu zuena, Jokin Uriarte ermuarra. Orduan "oskola" jo eta ziztu bizian gainontzeko partaideak igo ziren. Giro ona eta goiz pasa aparta.
Ondoren ekimena laburbiltzen duen argazki sorta eskaintzen dizuegu. Argazkiak gure lankide Fernando Aranberrik utzi dizkigu, berak ateratakoak baitira.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean