Ermutik igaro da gaur Emakumeen Mundu Martxak
Bost kontinenteetako Emakumeen Mundu Martxa Ermura iritsi zaigu gaur. Ekimenak hirurogeita hamar bat pertsona bildu ditu herriko plazan, eta herriko kaleetan furgoneta ofizialak egindako ibilbidera hamabost bat automobil batu dira. Herriko elkarte eta eraile sozialak zain egon dira plazan, martxa espero baino zertxobait beranduxeago iritsi baita. Martxa plazara iritsi bitartean antolatzaileek plazako 2. eraikinaren etxabean mahaia eta liburua jarri dute herritarrentzat, nahi zuenak bere mezua idatz zezan. Eguraldiak ez du batere lagundu, elur bustia botatzen jardun baitu eta hotza demasa izan delako. Nolanahi ere, horrek ez ditu bildutakoak ikaratu ez eta ekitaldia zapuztu. Karabana plazaratu ostean, bost emakumek leloak irakurri dituzte eta Aukera Berdintasuneko udal teknikariak martxoaren 8an prestatutako muralaren argazkia itsatsi du, antolatzaileen panelean. Ondoren, martxa Zarautzera abitu da.
Karabana Areitiotik iritsi zaigu eta herrian eginduen ibilbidea ondokoa izan da: Areitiotik Kaltxangora, eta errepidetik jarraituz, autopistako sarrerara bertan norabidez aldatuz, berriro herri-gunera abiatzeko. Trenbide azpiko pasabidetik Abeletxerantz egoitzaren paretik, Izelaietatik Goienkalera, Harrobira bitartean, Zubiaurretik jaitsiz, VI. Mendeurrenetik jarraitzeko San Pelaio kalera, hortik Kiroldegira arte Zeharkaletik jaisteko, hortik ezkerretara eginez Diputazio kalera eta Merkatu plazaren paretik Probalekura eta Orbe Kardinalaren plazara. Plazan kotxeen karabana sartu da eta bertan egin da ekitaldia.
Emakumeen Mundu Martxa ekintza feministak biltzen dituen nazioarteko mugimendua da, emakumeenganako biolentzia edo pobrezia ezabatzeko lanean dabiltzan oinarrizko talde eta elkarteak batzen dituenak. Helburu horrekin martxan ari dira, esperientzia, kultura politiko edo jatorri etniko ezberdinak izan arren, kolektibotasunean antolatuko emakumeen tinkotasuna eta indarra agerrarazteko, nortasun eta helburua berbera izanik: egungo gizartearen orden ez justua gainditzeko desioa, gaurkoak biolentzia eta txirotasuna sortarazten baititu. Taldeak mundu berria eraiki nahi du, bakea, justizia, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna oinarri izango duena. Emakumeen bizitza aldatzea mundua aldatzeko. Mundua aldatzea, emakumeen bizitza aldatzeko!
Lotutako albisteak
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan