DEFIBEL elkartea gizartean ezagun egiteko lan eta ahaleginetan ari da
Defibel, Debabarrenean Fibromialgia eta Astenia Kronikoaren Sindromea dutenen elkartera bildutakoak bailarako udalerri guztietan ezagutzera emateko lanean eta ahaleginetan ari da. Informazio zabaltzeko jarduera horien barne gurera bi ordezkari etorri zaizkigu elkartearen eta egiten dutenaren berri emateko xedez. Defibel 2008.an eratu zen eta harrez geroztik lanean dihardu gaitz horiek duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Fibromialgia deituriko sindromea, trastorno erreumadunen eta sintomen taldeari dagokio, funtsean mina, gehiegizko nekea eta gihar, tendoi eta ehun bigunen gogortze aldakorretan oinarritzen da. Halaber, beste hainbat sintoma ere izan ditzake. Ez da kutsakorra. Munduan biztanleriaren %3 eta %6 sufritzen du. Fibromialgia terminoa 1976a geroztik erabiltzen da. Bere jatorria latina eta grekoa dira, latinetik fibra hitza eta grekotik mio (gihar) eta algia (mina) uztartzen baititu hitz bakar berean. Elkartea ezagutzera emateko eta gaixotasunen inguruko datuak emateko asmoz, banatzen ari da bi orrikoak hainbat lekutan.
Defibeleko kide diren Arantxa eta Mari Karmen gurekin izan dira orain egun batzuk. Elkarrizketan adierazi digute beren helburua gaixoak eta horien familiak ez daitezela inork ulertzen ez dituelakoan egon, bere baitan murgilduz eta gizartetik isolatuz”. Elkartea asteartero biltzen da Eibarko Portalea eraikinaren hirugarren solairuan, arratsaldeko lauetatik zortzietara bitartean, gutxi gorabehera. Kideek jakin badakite egun gaixotasun horiek sendatzerik ez dagoela eta, horregatik, jarduerak, ariketak eta bestelako tratamendu alternatiboak gauzatzen dituzte, esaterako Tai-Chi, Yoga eta errehabilitazioa uretan. Horretan, mediku eta erizain profesionalen ikuskatze eta aholkularitza jasotzen dutelarik. Elkartearekin harremanetan jartzeko erabili daitezkeen bideak bi dira, bata 606885989 telefonora deitzea eta bestea elkarteko posta elektronikoko helbidera idaztea: asoc.defibel@gmail.com.
Defibel irabaz asmorik gabeko elkartea da, inolako helburu politiko edo erlijiosorik ere ez duena. Bazkideek eginiko ekarpenez, batez ere, mantendu eta finantzatzen da, horretan hainbat erakunde publikoren laguntza dutelarik. Elkartea irekia da eta taldekideak gaitz horiek izan edota izan ditzaketela uzte duten guztiei laguntzeko prest daude. Maiatzaren 12 Fibromialgiaren nazioarteko eguna izango da eta elkartea aztertzen ari da egun berezi horretarako zerbait prestatzeko dituen aukerak. Horien artean, hitzaldi informatiboa egitea dago eta, asmo hori aurrera ateratzen bada, aldez aurretik iragarriko dizuegu, egun eta orduen berri zabaltzeko.
Lotutako albisteak

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan