Tintazko hizkiak eta elektronikoak elkarrekin bizi dira udal liburutegian
Udal liburutegiak oraintsu 4 irakurgailu elektroniko erosi ditu. Irakurgailuok ‘Papyre’ etxekoak dira eta horiekin lortu nahi den xedea, bertaratzen direnei egun merkatuan dauden euskarri guztietan irakurketak eskaintzea da. Irakurgailu berri horiek erosi dira Eusko Jaurlaritzak liburutegietan teknologia berriak eskuratzeko ematen dituen diru-laguntzei esker.
Egun liburutegian eskaintzen diren liburu, aldizkari, egunkari eta ordenagailu eramangarriei irakurgailu berri eta elektronikoarena gehitzen zaio, eskaintza zabalduz. Horri esker, irakurleoi formatu digitalean dauden mila obra gehiago irakurtzeko parada eskaintzen zaigu. Lan horiek gehienak obra klasikoak dira, Open Source lizentziapean daudenak, eta sistemak erabiltzea ahalbidetzen duen irudi, prentsa elektroniko eta soinu artxiboak ere bai.
Euskarri berri hori eskuratu izanak agerian jartzen du liburutegiak irakurketaren zabalkundea eta zaletasuna –eta kultura bera- pizteko duen apustua eta eginkizun horretan ezin ahantzi teknologia berriak eta horiek eskaintzen dituzten euskarri eta aukera berriak. Irakurgailu berriak paperean aurreztea ekarriko dute eta, horrez gain, iraunkortasunari ere mesede egiten diotelarik, elektrikoak izan arren kontsumo baxukoak baitira. Obren eta materialen erosketan ere bultzada ekarriko dute, hemendik aurrera formatu digitalekoak ere leku izango baitute idatzizkoen kaltetan joan gabe.
Liburutegiko aretoan eta maileguan hartzekoak
Hasiera baten eta gailuak ezagutu, horien gaineko kontsultak egin erabiltzen ikasi artean bazkideek maileguan eskatu eta hartu ahal izango dugu liburutegiko aretoan. Gerora irakurgailuok etxera ere eraman ahal izango ditugu, eta hori egiterik izango duten lehenek, Ermua Hiria XVI. Literatura Lehiaketako epaimahaian kide izan direnek dira. Horrela, lehiakideek bidalitako lanak irakurri ahal izango dituzte horiek inprimatu gabe, horrek dakarren aurrezkiarekin.
Udal liburutegiak guztioi Papyrea eskuartean hartzera eta jada paperarekin batera gure artean dugun euskarri berri ezagutzera animatzen gaituzte, kulturaz gozatzeko ate berri hori ezagutuz. Irakurgailu elektroniko horiek 200 gramo eskas pisatzen dute eta erabilerrazak izateaz gain, ez dute begirik kantsatzen, distirarik ez dutelako eta pantailaren argitasun eta kontrastea oso orekaturik daudelako.
Zer dira?
e-Reader liburu elektronikoakirakurtzeko gailua da, zeinak bestelako eduki digitalak erreproduzitzeko gauza ere baduen. Horien irakurketa kalitatea papreran argitaratutakoen parekoa da, tinta elektronikoa deritzanari esker. Papera euskarri duen obren antzeko efektua iluminazio ezaz eta goi kontrastea uztartuz lortzen da. Aparailuen kontsumo energetiko urria da, pantailaz aldatzeko besterik ez baitu argindarrik (10.000 orri aldatzea posible da kanpoko korronterik gabe).
e-Book (ekoliburu edo liburu digitala) testu baten bertsio elektroniko edo digitala da, liburu, aldizkari nahiz egunkari batena izan daitekeena.
Lotutako albisteak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.